Ane Agirregomezkorta esprinterrak marka pertsonala ondu eta zazpigarren postua lortu du Espainiako Txapelketan

Barren 2025ko mar. 10a, 15:46

Ane Agirregomezkorta, eskuinean, Espainiako Atletismo Txapelketan.

Gazte mailako pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu dute asteburuan Salamancan, eta emaitza bikainak eskuratu ditu Mintxeta taldeko esprinter Ane Agirregomezkorta Garciak, 60 metroetan.

Agirregomezkorta Euskadiko Txapelketa irabazita sailkatu zen 20 urtez azpikoen Espainiako Atletismo Txapelketa jokatzeko. Finalerdietara sailkatzea eta bere marka pertsonala ontzea nahi zituen elgoibartarrak, eta lortu zuen bere buruari jarritako bi erronkak gauzatzea. 

"Pista denboraldian 60 metroko proban zentratu naiz, asko gustatzen zaidalako eta irteeran ondo moldatzen naizelako, nire indargunea da. Espainiako txapelketan lehiatzekoak ginen 32 esprinterren artetik 11. denborarik onena nuenez, finalaurrekoetara sailkatzea zen nire buruari jarri nion helburua, baina lasterketa hauetan ezin da akatsik egin eta sekula ez da jakiten", azaldu du txapelketa jokatu aurretik zituen asmoez eta esperantzez.

Marka pertsonala ondu

60 metroko lasterketan parte hartu zuten atletak lau serietan lehiatu ziren eta serie bakoitzeko lehen hirurek eta lau denborarik onenek lortu zuten finalerdietarako sailkatzea. Agirregomezkorta lehen kanporaketan lehiatu zen eta bigarren eginda lortu zuen finalerako txartela. Gainera, bere marka pertsonala ondu zuen, 07.71ko denborarekin (07.72 zen bere ordura arteko marka).

Finalerdietako kanporaketan ere ondu zuen Agirregomezkortak bere marka, 07.66ko denborarekin, eta laugarren eginda final handirako sailkatu zen. 

Finalean zortzi atletarik onenak lehiatu ziren eta batek izan ezik gainerako guztiek zuten elgoibartarrak baino marka hobea distantzia honetan. Erlojuak ez dio gezurrik eta zazpigarren postuan sailkatu zen Agirregomezkorta, seigarren postuan sailkatu zen Nuria Muntanerren denbora berarekin: 07.69. Hortaz, Mintxeta taldeko esprinterrak Espainiako txapelketan jokatutako hiru lasterketetan egin du korrika txapelketara joan aurretik bere markarik onena zenaren azpitik. 

Laura Martinez Martin madrildarrak irabazi zuen Espainiako txapelketa, 07.34ko denborarekin txapelketako errekorra onduz. Jael Bestuek 2019an Donostian lortu zuen Espainiako errekorretik (07.32) bi ehunekora bakarrik gelditu zen. Martinez gainera, luzera jauzian ere gailendu zen zapatuan jokatu zuten finalean, 6,27 metroko jauziarekin. 

Ondorengo bideoan Anek Salamancan korritu zituen hiru lasterketak ikus daitezke: bere seriekoa, finalerdietakoa eta finala:

 

Ane Agirregomezkorta kontzentratuta irteeran. Arg: Salamanca al dia / David Sañudo.