Luziano Madrilen bizi zen eta 93 urte zituela hil zen atzo. Azkenera arte eutsi zion bere ogibide eta bizipoza izan zen pasioari, margotzeari. Horren adibide da, iazko apirilean bere azken lanekin Elgoibarren jarri zuten erakusketa. Madrilen bizi zen arren, bere jaioterria ez zuen ahaztu eta ilusio berezia egin zion erakusketa horrek. Artista elgoibartarra ezin izan zen inauguraziora etorri, baina haren seme Miguel etorri zen bere izenean.
Elgoibartik Parisera
Lucio Ruiz-Poveda Elgoibarren jaio zen 1931n. Haurra zelarik, anai-arrebekin batera itsasoratu zen Habana ontzian, 1937ko udaberrian, Gerra Zibilean haur talde handienak kanporatu zituztenean. Frantziara joan zen, eta han, Pariseko familia batek hartu zuen. Familia hark eragin handia izan zuen bere bizitzan. Elgoibarrera itzuli zenean, pintatzeko desira sentitu zuen eta Arte eta Ofizioen Eskolan hasi zen marrazketa eskolak hartzen.
Ezkonberritan, Madrilera joan zen, eta han grafista lanak egin zituen Gran Vian zeuden zine-aretoetarako filmen kartelak eginez, eta gerora, Madrilgo gau giroko erretratuak egin zituen. Handik urte batzuetara, Parisera itzuli zen berriro, eta margolari bilakatu zen. Denboraldi luzeak igaro zituen Montmartren, eta harremanak egin zituen beste artista batzuekin.
Galeria propioa Madrilen eta pertsonaia ospetsuen erretratista
Han eta hemen hainbat erakusketa egin ostean, 1962an, arte galeria propioa ireki zuen Madrilgo Castellana Hilton hotelean. Hotel hartan hartzen zuten ostatu, besteak beste, Espainiara filmak grabatzera etortzen ziren aktoreetako askok. Horri esker pertsonaia ospetsuen erretratuak egin ahal izan zituen, Omar Sharif-enak edo Stephen Boyd-enak, esaterako. Geroago, Madrilgo Meliá Princesa hotelean zabaldu zuen beste arte galeria bat, eta, 1976an, Claudio Coello kalean ireki zuen gaur egun oraindik zabalik dagoen galeria. 1971n beste galeria bat ireki zuen Zarautzen. Jarduera artistiko handia izan zuen bertan, baina, osasun arrazoiak tarteko, itxi egin zuen 2017an.
Ipar Ameriketako arte merkatari bati esker, erakusketa zabaldu zuen New Yorken, eta urte batzuk geroago Texaseko, Oklahomako eta Mexikoko hainbat aretotan ere bai. Ugariak dira bere ibilbidearen baitan egin dituen banakako erakusketak eta kolektiboak, eta lehiaketa eta sariketa askotarako ere aukeratu izan dute. Luzianoren lanak ikusgai daude museoen eta erakundeen bildumetan: Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, Kutxa eta beste banku-erakunde batzuetan, Pandhale Plains museoan (Texas), Kultura eta Defentsa Ministerioan; baita Espainiako, Frantziako, Estatu Batuetako, Indiako, Japoniako, Hegoafrikako eta beste herrialde batzuetako bilduma pribatu garrantzitsuetan ere.
Bidaia ugari paisaien bila
Luzianoren jarduera artistikoan garrantzia handia izan zuen paisaiak eta leku interesgarriak bilatzeko izan zuen nahiak. Horrek Espainia osoan barrena bidaiatzera eraman zuen, bere margolanetarako bereziak ziren herriak edo beste herrialde batzuetako pertsona bereziak aurkitzeko. Hala, Frantzian, Marokon, Italian, Nepalen, Turkian... ibili zen, turismoa gaur egun bezain zabaldurik ez zegoen garaian.
Bidaia horiek oso garrantzitsuak izan ziren bere margolanentzat, eta nabari da bere iruditerian. Luzianoren lanaren zati handiena erretratuak, paisaiak eta herriak izan dira, askotan bere haurtzaroko auzoa eta etxea gogora ekartzen dutenak. Bidaia asko egin zituen arren, jaioterriko oroitzapenak izan zituen beti erreferentzia bere lanetan.
Hona Luzianok BARRENi 2011n emandako elkarrizketa: