Luziano: “Margotzen jarraitzen dut, eta inoiz baino inspiratuago nago”

elgoibarren.net 2011ko urt. 28a, 06:39

79 urte ditu Luzianok, eta ispilura begiratzean “zein dek hori?” galdetzen dio bere buruari. Abenturaz beteriko bizimodua izan du margolari elgoibartarrak, eta hori guztia jaso du Luziano izeneko liburuan. Gerratik ihesi, Parisera iritsi zen 4 urterekin, eta han, Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zuen. Oso elgoibartarra sentitzen dela adierazi du Luzianok, baina aldi berean, frantsesa ere bai. Frantzian bizi izan zenean, bat gehiago zen han, eta kultura frantsesa izugarri gustatzen zaiola aitortu du. Madril eta Zarautz artean bizi da gaur egun, eta ahal duenean Elgoibarrera ere etortzen da bisitan. 


Zure bizitzari buruzko liburua kaleratu duzu. Nola bururatu zitzaizun liburua idaztea?
Nire bizitzari buruzko istorioak kontatzeko ohitura handia daukat, eta Elgoibarko lagun batek esan zidan hori guztia liburu batean jasotzeko. Egia da jende askori buruzko liburuak irakurri ditudala, eta ideia ona iruditu zitzaidan. Bizimodu originala izan da nirea, desberdina. Idazteari ekin nion, eta abentura mordoska bat bildu ditut. Haurtzaroko kontuekin hasi nuen liburua, garai hartako Elgoibar nolakoa zen kontatuz, eta horren ondoren, margotzeak eman didan guztia kontatu dut.

1706639251171 Luziano: “Margotzen jarraitzen dut, eta inoiz baino inspiratuago nago”

Nolakoa zen zure haurtzaroko Elgoibar?
Liluragarria zen. Egungoarekin konparatuta desberdina zen, beste garai batzuk ere bazirelako. Herri nekazaria zen Elgoibar. Santa Klaran bizi nintzen, eta baserritarrak ikusten nituen astoan kalera jaisten. Izugarri gustatzen zitzaidan. Baserri munduak beti erakarri izan nau, eta San Migel auzoko baserrietara sarri joaten nintzen. Hango usaina eta hango giroa gustuko nituen: behiak, oiloak, baratza… Nire bizitzan ikasi dudan euskara apurra baserri haietan ikasi nuen.

Eta, eusten al diozu oraindik euskarari?
Jakina! Bai, bai! Ikasi nuen hura ez zait oraindik ahaztu. (Euskaraz).

Nolakoa zen zure familia?
Zazpi ginen! Orduko familiak handiak ziren, eta gurea ere halakoxea zen. Ume alaiak ginen, oso mugituak eta eguneko ordu gehienak kalean pasatzen genituen jolasean. Parrokiako kanpandorrera igotzen ginela gogoratzen dut. Ausartenak ia goraino igotzen ginen, eta momentuan ez genuen beldurrik izaten, baina etxera joan eta egindakoz pentsatzen genuenean… beldurgarria zen. Garai hartako oroitzapen ederrak ditut.

Umea zinela, baina, Elgoibartik ihes egin behar izan zenuen.
5 urte nituen 36ko Gerra hasi zenean. Bilbora eraman gintuzten, eta Habana itsasontzian ume bakoitza leku batera bidali zuten. Nire anaiak eta ni, Frantziara. Oso umea nintzen, eta ez nintzen konturatzen benetan zer ari zen gertatzen, hortaz, abentura bat  balitz bezala bizi nuen. Oleron irlara iritsi ginen, eta handik, trenez Parisera. Familia frantsesetan hartu gintuzten, eta niri oso familia ona tokatu zitzaidan. Ez zeukaten seme-alabarik, eta adopzioan hartu nahi ninduten. Aita errusiarra zen, medikua, oso gizon ona. Judua zen, eta Komunismoaren ideiak Europan zabaltzea zen bere nahia. Nik izugarri maite nuen. Dirutza handia zeukaten, eta etxe eder batean bizi ginen, Parisko erdigunean. Hango etxean ikusi nuen estreinakoz komuna! Ur beroa geneukan, neskamea, udaldiko etxea… Eskolara joaten hasi nintzen, eta primeran ikasi nuen frantsesez hitz egiten. Egia esan, oso gustura bizi izan nintzen han.

Ez zenuen, baina, denbora gehiegi egin Parisen.
Ez. Gerratik ihesi joan nintzen, eta beste gerra batek harrapatu ninduen Parisen. Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta Alemaniak Frantziari eraso zion. Nire aita harrapatu zuten, eta geroztik ez dugu berari buruz ezer gehiago jakin. ººººººººPena handia hartu nuen, niretzako bera zelako nire benetako aita. Paris guztia hondatuta zegoen, eta amak eta biok Frantzia guztia zeharkatu genuen aitaren bila. Oso dibertigarria egin zitzaidan abentura hura, ez nekielako benetan zer gertatzen zen. Batzuetan oinez joaten ginen, bestetan furgoneta batean, trenez… ez genuen jakiten egun bakoitzean non egingo genuen lo, baina ez nintzen gertatzen zenaren jakitun. Alemaniaren mugaraino iritsi ginen, ia Estrasburgoraino. Gau batean boten hotsa entzuten hasi ginen, sekulako zarata. Alemaniar tropak ziren, eta Frantzia erasotzera zetozen. Orduan bai sentitu nuela beldurra. Denok hilko gintuztela uste nuen. Leihotik begiratzen nuen, eta milaka soldadu pasatu ziren. Azkenean, han ez zen ezer gertatu. Denboratxo bat egin genuen etxetik kanpo, eta egoera baretu zenean itzuli egin ginen.

Zer dela eta itzuli zinen Elgoibarrera?
Espainiako Gobernuak gure itzulera eskatu zuen. Hondarribiara iritsi ginen, eta han, ama eta arreba Maria Luisa genituen zain. Ez nituen ezagutu ere egiten! Lau urte egin nituen Parisen, eta hemengo familiarekin erabat ahaztuta nengoen. Trakets jantzitako emakume bat zen ama, eta arreba ere, jantzi handi batzuekin ikusten nuen. Berriz ere Elgoibarko bizimodura ohitu behar izan nuen. Etxe zaharra, hotza… orduko etxe guztiak bezalakoa zen gurea ere. Gainera, frantsesez bakarrik hitz egiten nuen, eta nire jantziak ere Paristik ekarritakoak ziren. Burla egiten zidaten kalean, eta “el francesito” goitizena jarri zidaten. Anaia nagusiaren praka batzuk eskatu eta askoz gusturago irten nintzen kalera.

Abentura zalea izan zara txiki txikitatik, eta aberastasun bila Gasteizera joan zinen, hiru lagunekin. Zer aurkitzea espero zenuen Gasteizen?
Umeak ginen, eta komikietan ikusten genuena errepikatu nahi izaten genuen. Nueva York zen nire ametsa, eta hiria ezagutu nahi nuen. Gasteiz hiri handia izango zela uste nuen. 11 urte genituen, eta aberastasun bila joan behar genuela erabaki genuen hiru lagunek. Amari ohar txiki bat utzi nion etxean, aberastasun bila Gasteizera nindoala esanez. Oinez abiatu ginen, dirurik eta erroparik gabe, komikietako abenturazaleak bezala. Lehenengo egunean Soraluzeraino iritsi ginen, eta han pasatu genuen gaua, ohol zahar arten. Sekulako hotza pasatu genuen. Ez geneukan jateko ezer, eta Mekolalden patata batzuk hartu genituen, eta su txiki bat egin genuen, patatak jateko. Guardia Zibila agertu zen, eta Mendaroko ijitoak ginela esan genien. Amaitutakoan sua itzaltzeko esan ziguten, eta ez ziguten ezer egin. Gasteizera iritsi ginen, eta ez zen inondik inora nik espero nuena. Arabako Lautadatik ikusten genuen hiria, eta han ez zegoen raskazielorik!. Hamar kilometro inguru falta ziren oraindik iristeko, eta aurrera egiten genuen heinean, hiria ere aldendu egiten zela iruditzen zitzaigun.

Zer egin zenuten Gasteizera iristean?
Iluntzean iritsi ginen, eta lo egiteko lekua bilatu behar genuen. Gasteizko tren geltokira joan, eta bagoi batean pasatu genuen gaua. Sekulako hotza pasatu genuen. Hurrengo egunean, nola edo ahala dirua irabazi behar genuela erabaki genuen. Jan beharra geneukan, baina ez geneukan dirurik. Maletak eramaten lan egingo genuela bururatu zitzaion lagun bati, eta Madril edo Burgos aldetik iristen ziren bidaiariei maletak eramaten laguntzen genien. Hiru mutil koskor ginen, eta indar handirik ez geneukan maletak eramateko. Emakume baten maleta hiruron artean eraman genuen, eta pezeta bat eman zigun. Pezetari begiratu, eta berehala konturatu ginen maletak eramaten ez ginela aberastuko. Kristalak eta beste hondakin batzuk batzen hasi ginen ondoren, eta azkenerako, hiru pezeta batu genituen. Janaria erostera joan ginen, eta odol-egosia eta ogia erosi genituen. Ez dakit gauza txarragorik ba ote zegoen, baina horixe zen merkeena. Ogitartekoak jaten ari ginela, elkarri begiratu eta etxera itzultzea erabaki genuen.

Eta, itzulera ere oinez egin al zenuten?
Jakina! Gainera ez genuen inoren laguntzarik nahi. Abentura hasi eta amaitu geuk egin behar genuen. Lehenengo gaua ardi-txabola batean pasatu genuen, eta baserritar batzuek laguntza eskaini ziguten, baina ez genuela behar esan genien. Maltzagara iristean, nire anaia Eugeniori itxaron genion. Hantxe egiten zuen lan, eta bizikletan joaten zen lanera. Oso pozik jarri zen gu ikustean, eta gainera, bazkaritan sobratu zitzaizkion babarrunak eman zizkigun jateko. Elgoibarrera bizikletan eramango ninduela ere esan zidan, baina hari ere ezezkoa erantzun nion, hiru lagunok elkarrekin bukatu behar genuelako gure abentura. Elgoibarrera iristean, Estarta auzotik jende pila bat ikusten genuen Sigmako zubian. Txirrindulari lasterketaren bat egongo zela pentsatu genuen, baina jende hura guztia gure zain zegoen. Anaiak esan zien bidean ginela, eta denak ongi-etorria ematera etorri ziren. Amak errieta egin zidan, baina guk gure abentura burutu genuen.

Noiz eta nola sortu zitzaizun margotzeko zaletasuna?
Margotzeko zaletasuna betidanik izan dut, txiki txikitatik. Roman Ezenarro izan zen nire irakaslea, eta harekin ikasi nuen marrazten. Horrez gain, nire kontura margotzeari ekin nion, eta denbora librean margotu egiten nuen. San Bartolome jaietara karikaturak egiten zituen pintore bat etorri zen: Terry, garai hartako karikaturagile onenetarikoa. Orduak pasatzen nituen hari begira, eta jendeak ordaintzen zion diruaren kalkulua egiten nuen neure buruan. Lan hura nik ere egin nezakeela pentsatu nuen, eta hilabete batzuetako saiakeren ostean, koadernoa eta lapitzak hartuta, Bilborantz abiatu nintzen oinez. Bilboko Korteetara iritsi nintzen, eta herri txiki bateko bizilagun batek sekula imajinatuko ez lukeen giroa aurkitu nuen han. Kabaretak, parranda, emakumeak erretzen… pelikula bat zela uste nuen. Aquí te espero izeneko tabernan hasi nintzen marrazten. Gaur egun, margolari lanetan non hasi nintzen galdetzen didatenean, Bilboko Korteetan debutatu nuela erantzuten dut.

Bilbon margolari hasi zinen, baina Lekeitio ere herri berezia da zuretzat. Zergatik?
Lekeition Carmen ezagutu nuen, gero nire emazte izan dena. Madrildarra zen, eta gurasoekin etorri zen Lekeitiora uda pasatzera. Maitemindu egin ginen, eta berehala ezkondu ginen. Maitasunak Madrilera eraman ninduen. Madrilen, zine-kartelak margotzen nituen, pelikulak iragartzeko kartelak, eta oso ondo ordaintzen zidaten.

Margoari esker asko bidaiatu duzu, eta Parisera joan zinen berriro.

'Luziano' liburutik ateratako irudian Luziano bera ageri da Parisen lanean.

Bai, liluragarria izan zen Parisko etapa. Ez zen umetan ezagutu nuen Paris, pelikuletako hiria zen. Montmatren margotzen nuen, eta hura zerua zen niretzako. Margotzen egoten nintzen bitartean, modan zegoen musika entzuten nuen batzuetan, eta beste batzuetan, soinu-jole bat gerturatzen zitzaidan musika erromantikoa jotzen. Oso gustura egoten nintzen Parisen, baina ez nituen egonaldi oso luzeak egiten. Joan-etorrian ibiltzen nintzen, Paris eta Madril artean. Dirutza handia irabazten nuen, eta nire lanek arrakasta handia zeukaten. Emazteari esan nion Gasteizen aurkitu ez nuen aberastasuna hantxe geneukala.

Zure ametsa bete zenuen: New York. Zer aurkitu zenuen han?
Erakusketa bat egitera joan nintzen, eta bereziki, nongoa nintzen erakutsi nahi nuen. Euskal Herriko eta Parisko koadroak eraman nituen. Euskal Herrikoen artean ez nuen bat bera ere saldu. Han ez zituzten baserriak eta baserritarrak ezagutzen, eta ez nuen arrakastarik izan lan horiekin. Pariskoak, ordea, denak saldu nituen. Paris modan zegoen garai hartan.

Tetuanen, Marokon, marrazten.

Zure bidaien artean Maroko oso berezia izan dela aipatzen duzu. Zergatik?
Oso gustura egon nintzelako. Margolari bezala bidaiatzea ez da turista bezala joatea modukoa. Pintzelak eta mihisea ikusten dutenean, jendea hitz egitera gerturatzen da, eta herrialde berri bat ezagutzeko, bertako jendearekin harremana izatea ezinbestekoa da. Hala ere, pertsonak marraztea ez zen erraza: pertsona bat marraztean arima lapurtzen diezula uste dute, eta ez zaie gustatzen. Baina, oro har, jende oso jatorra aurkitu nuen.

Leku zatarrak ere aurkituko zenituen zure bidaietan, ala?
Bai, Irak ez zitzaidan batere gustatu. Ez dakit zeren bila joan nintzen, baina zatarra da, benetan. Sekulako hanka-sartzea egin nuen.

Zein lekutara joango zinateke, gaur egun?
Siriara. Lehengo astean telebistan ikusi nuen Siriari buruzko erreportaje bat, eta oso leku interesgarria iruditu zitzaidan.

Oteizari eginiko erretratua.

Zarautzen ezagutu zenituen bi pertsona aipatzen dituzu liburuan: Xabier Arzalluz eta Jose Mari Arizmendiarrieta. Nolako harremana zenuen haiekin?
Arzalluzekin adiskidetasun polita izan nuen. Politika gaiez ez beste guztiez hitz egiten genuen, eta niretzako oso gizon jatorra zen. Jakintsua eta errespetu handikoa. Erretratu bat egin nion, eta askotan, Getariara joaten nintzenean margotzera, nirekin etortzen zen. Arizmendiarrieta, bestalde, nire estudioaren gainean bizi zen. Han pasatzen zuen uda bere familiarekin. Hasieran bere emaztea ezagutu nuen, eta nire abenturak kontatzen nizkien. Bederatzi urtez, uda guztietan etortzen zen nire estudiora, eta aulki batean eserita orduak eta orduak egoten zen niri begira. Harreman oso polita eduki genuen.

Gaur egun, Madril eta Zarautz artean bizi zara.
Bai, negua Madrilen pasatzen dut, eta udan Zarautzera joaten naiz. Itsasoa asko gustatzen zait, eta estudioa jartzeko lokal aproposa aurkitu nuen Zarautzen. Itsas ertzean estudio bat edukitzea zen nire ametsa, eta Zarautzek aukera hori eman dit. Margotzen jarraitzen dut, eta inoiz baino inspiratuago nago. Gauza berriak egiten dihardut, eta margoaz gozatzen ari naiz. Pinturan ezinbestekoa da berritzea; ezin zara orain dela 40 urteko gauza berdinak margotzen ibili. Garatzea eta eboluzionatzea da politena eta aberasgarriena.

Non bilatzen duzu inspirazioa?
Hori oso pertsonala da. Ideiak aspalditik dauzkat buruan, eta, orain dela hogei urteko ideia bat inolako arazorik gabe margotu dezaket. Irudi bat margotzeko ez daukat erretratuak egin beharrik, buruan ematen diot forma. Marrazten gozatzea eta ondo pasatzea da helburua. Orain ez naiz kalera irteten margotzera, garai hura bukatu zen. Gaur egun nire estudioan margotzen dut, lasai-lasai.

1706639251366 Luziano: “Margotzen jarraitzen dut, eta inoiz baino inspiratuago nago”

1706639251433 Luziano: “Margotzen jarraitzen dut, eta inoiz baino inspiratuago nago”

Zein harreman daukazu Elgoibarrekin?
Gaur egun gutxiago joaten naiz, nire familiakoak dagoeneko ez direlako han bizi. Lehen, urtero joaten nintzen sanbartolomeetan, eta orain ere, udan saiatzen naiz Elgoibar bisitatzen.

 
Testua: Ainhoa Andonegi