Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzeko sinadura bilketa egingo dute

Barren 2025ko mar. 7a, 10:20

Zazpi urte baino gehiagoan gutxieneko soldatak 1.080 eurokoa izan behar duela aldarrikatzen jardun dira pentsiodunak Elgoibarren ere, eta Gaurgeroatik eskerrak eman dizkiete kanpaina babestu duten elgoibartarrei, bai eta herriko elkarte eta establezimenduei ere. 

Denborarekin, koloregabetu egin dira lelo horrekin herriko hainbat lekutan jarrita zituzten kartelak eta orain horiek erretiratzeko asmoa dute, baina ohartarazi dute horrek ez duela esan nahi borroka amaitu denik. "Kontua ez da soilik 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea, baizik eta gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea bermatzea, herritar guztientzat justizia ekonomiko handiagoa ziurtatzeko, batez ere emakumeentzat, haiek direlako pentsio txikienak dituztenak", zabaldu dute horren harira.

Sinadura bilketa

Ekimen hori babesteko, sinadura bilketa egingo dute Elgoibarren gaur zortzi, martxoaren 14an. IMHn eta MEKAn jarriko dituzte mahaiak, gazteen babesa lortzeko. Gaurgeroatik esan dute ekimen honek pentsiodunen bizi-baldintzak hobetu ez ezik, langileen eta erretiratuen gutxieneko diru-sarreren arteko ekitate handiagoa bermatuko duela. Era berean, nabarmendu dute pentsioen genero-arrakalaren kontra egiteko ere balio duela.

Pentsio duinen aldeko mugimendukoek eskerrak eman dizkiete babesa eman dieten Elgoibarko establezimendu eta elkarteei. "Eskerrak eman nahi dizkiegu arrazoi hori aho batez babestu duten Elgoibarko establezimendu, elkarte eta kolektibo guztiei, zazpi urte hauetan "1080 euro Gutxieneko Pentsioa" leloa duten aldarrikapen-kartelak jarri dituztelako. Txankakua zein Aizu elkartekoak zein elkarteetatik kanpokoak, ELA eta LAB sindikatuak, Haritz dantza taldea, enpresa batzordeak eta beste hainbat. Euren babesa funtsezkoa izan da honaino iristeko eta aldarrikapen honetan aurrera egiten jarraitzeko".