Informazio guztia eta kartelak jarri dituzten lehen instalazioa Olaizagako kiroldegia izan da, eta egunotan Mintxetan eta IMHko kirol-instalazioetan ere informazio panelak jartzen ari dira. Udaletik esan dutenez, neurri hau "konpromiso zabalago baten parte da, herritar guztientzat osasungarriagoak diren espazio publikoak sortzeko".
Aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan horrelako informazio-kartelak jarriko dituzte udal-eraikinetan, erabilera publikoko espazio guztiak kanpaina honetara egokitzeko. Elgoibarko Udalak bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta espazio publikoetan airearen kalitatea hobetzen laguntzeko duen konpromisoaren barruan kokatuta dago dago ekimena: "Elgoibarko Udaletik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu araudi hau betetzen laguntzera, guztiontzako ingurune osasuntsuago bat sortzen jarraitzeko", adierazi dute arduradunek.
Kerik Gabeko Guneen Sarea
Kerik Gabeko Guneen Sarea 2022an sortu zuten, erakunde-mailen eta sektoreen arteko elkarlanerako lan-ekimen gisa, ingurune komunitario osasungarriak sortzeko. Sarea kerik gabeko gune sinboliko bat edo gehiago izendatzea erabakitzen duten udalerriek osatzen dute, eta, debekatuta egon ez arren, gomendatzen da ez erretzea. Oro har, aire zabaleko espazioak dira.
Helburu hauek ditu: tabakoa eta deribatuak kontsumitzen hasteko adina atzeratzea edo horien kontsumoa prebenitzea, inoren kearen edo aerosolaren eraginpean egotea saihestea, batez ere adingabeen kasuan, eta zigarrokinek eta tabakoarekin lotutako produktuen beste hondakin batzuek eragindako kutsadura saihestea.