Inauteriak

Inauteri zapatu hotza berotu dute Elgoibarren

Barren 2025ko mar. 2a, 10:29

Hotz esnatu zen atzo eguna, baina Elgoibarren asmatu zuten giroa berotzen. Eguerditik ikusi ziren familiak eta koadrillak kalean mozorrotuta, eta eguerdi partean eguzkia ere batu zen festara. 

Betiko indio, rockero eta pailazoak ez ziren falta izan atzo mozorroen artean, baina urtero moduan, sorpresa eta mozorro originalak ere ikusi genituen kalean. Zarauztik etorritako sorosleak, ile-apaindegia, yoga estudioa, tetris jolasa edota Sevillako apirileko feria izan ziren horietako batzuk.

Jai giroa nagusitu zen herriko kaleetan eguerditik hasita. Erraldoi eta buruhandien kalejira izan zen eguerdian, eta Bentazaharreko mutiko alaien kantaldira ere batu ziren hainbat herritar. Arratsaldean Atxutxikarakokean hartu zuten parte etxeko txikiek, eta horren ostean gazteek hartu zuten erreleboa, Mauxitxa txarangaren kalejiran. Gauean, bertsio gaua egin zuten.