Pilota plazara eramaten du Elgoibar Ikastolak Pilota Egunean, baina aurten hiru pilotalekutara eramango dute jaia, Sigmako, plazako eta Elgoibar Ikastolako frontoietan esku pilotaz gozatzeko jolasak antolatu baitituzte jardunaldiari hasiera emateko. Jolasok 09:00etatik 10:15era egingo dituzte aipaturiko hiru frontoietan.
Finalak eta pilotak egiteko tailerra
Ondoren, 10:30etik aurrera, finalak jokatuko dituzte Kalegoen Plazan (euria egingo balu, Ikastolako frontoian).
Finalerako sailkatu diren 34 bikoteek hamazazpi partida jokatuko dituzte, 12 tantora.
- Ikus hemen 25. Pilota Eguneko norgehiagokak -PDF-
Finalok jokatzen dituzten bitartean, pilotak egiteko tailerra emango dute Ikastolako ikasleek eta Otero Pilotagileak pilotak saltzeko postua ipiniko du plazan. Euskal pilotak egiten dituen artisau tailerra da Juan Carlos Oterok 1990. utean sorturikoa.
Tonbola eta barruska
Era berean, tonbola bat ere egongo da plazan, esku pilota munduarekin zerikusia duten produktuekin: pilotarien kamisetak, sinatutako pilotak, eskumuturrekoak, pilotak e.a. Sari banaketa egin eta gero, barruska jokatzeko aukera izango dute helduenek.
Pilota tailerra, Mikel Egibarren eskutik
Pilotak egiten ikasteko tailerra egin zuten atzo Elgoibar Ikastolan. Ikastolen Elkarteko Kilometroetako arduraduna den Mikel Egibarrek eman zien esku pilotei buruzko ikastaroa LH6 eta DBH3 mailetako ikasleei. Ikasitakoa Pilota Egunean praktikan jartzeko aukera izango dute, ikasleek eurek pilotak egiteko emango duten tailerrean.
Pilotak egiteko tailerrean parte hartu zuten ikasleak, eta erdian tailerra eman zuen Mikel Egibar. Arg: Elgoibar Ikastola.