Liga amaitzeko hamaika jardunaldiren faltan, jaitsiera postuetan sartu da gizonezkoen Haundi taldea. Ligako azken partidan 1-2 galdu zuten Mintxetan, Añorgaren aurka. Elgoibarren lortutako garaipenari esker, donostiarrak sailkapen buru dira orain Ohorezko Erregional Mailan. Aldiz, porrotarekin, Haundiri (20 puntu) aurrea hartu dio sailkapenean atzetik zuen Hernanik (22 puntu), eta elgoibartarrek Beti Gazte (18 puntu) eta Vasconia (10 puntu) bakarrik dituzte atzetik orain. Ohorezko Erregional Mailan 18 talde ari dira lehian eta azken hiru taldeak jaitsiko dira. Haundik bost partida bakarrik irabazi ditu denboraldi honetan, 12 galdu eta bost berdindu ditu. Hurrengo jardunaldian Bergaran jokatuko dute, seigarren sailkatuaren etxean.
Era berean, emakumezkoen Haundi taldea ere gizonezkoenaren antzerako egoeran dago. Azken jardunaldian 3-0 galdu zuten Urolaren aurka. Hamasei talde ari dira lehiatzen liga txapelketan, eta une honetan, txapelketa bukatzeko hamar jardunaldiren faltan, 14. postuan daude elgoibartarrak, 15 punturekin. Atzetik dituzte Beti Gazte (14 puntu) eta Ondarbeltz Amaikak Mutriku (0 puntu). Azken hiru sailkatuek galduko dute maila. Haundik baino bi puntu gehiago du Irauli Bosteko taldeak eta 7 puntu gehiago 12. postuan dagoen Hernanik. Elgoibartarrek Ostadar taldearen aurka jokatuko dute asteburuan, Mintxetan. Domekan izango da partida, 16:30ean. Klubetik taldea animatzera joateko deia egin dute
Igoera fasea jokatzen ari den C.D. Elgoibarko lehen erregional mailako taldeak ere ezin izan zuen garaipenik lortu Mintxetan Tolosaren aurka jokatutako partidan. Tolosarrek garaipen argia lortu zuten 1-5 irabazita. Igoera fasean hamasei talde ari dira lehiatzen, eta lau jardunaldiren ostean, 11. postuan daude elgoibartarrak 4 punturekin, partida bat irabazi, bi galdu eta laugarrena berdinduta. Mondra taldea dago lehen postuan, 10 punturekin, Antigua-Luberri eta Axular Lizeoa taldeekin berdinduta. Igoera fasea partida bakarrera jokatuko dute, hau da, talde batzuen aurka etxean bakarrik eta beste batzuen aurka haien futbol zelaian bakarrik. Elgoibartarrek esaterako, zazpi partida jokatuko dituzte Mintxetan eta gainerako zortzi partidak etxetik kanpo. Hurrengo jardunaldian, Haundik moduan, Bergaran jokatuko du senior mailako bigarren taldeak, Bergara Kirol Elkartearen aurka.