Helduen Hitza 55 urtetik gorakoentzako irabazi asmorik gabeko erakundea da. Matia Fundazioaren Esperientziaren Eskolan ziharduten 38 lagunek zortu zuten Donostian, 2003. urtean. Gaur egun 700 lagun baino gehiago daude elkartean, eta era askotariko ekintzak antolatzen dituzte, "zahartze prozesu hobea eta luzeagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa, kulturala eta parte hartzailea edukitzeko eta ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko helburuarekin". Hitzaldiak, ibilaldiak, musika eta kantu tailerrak, antzerki tailerrak, literatura tailerrak... era guztietako jarduerak egiten dituzte, horien artean irteera kulturalak inguruko herrietara.
Hain zuzen, Deba, Eibar eta Elgoibar hobeto ezagutzeko irteera kulturala egin zuten aurreko eguenean, otsailaren 20an, elkarteko 5 lagunek. Paisaiengatik, monumentuengatik edo eraikinengatik "ikuspegi bereziak" eskaintzen dituzten lekuak aukeratzen dituzte irteera horietan. Elgoibarren Pello Arrietak egin zizkien zizerone lanak bisitariei, Elgoibarko ondarea erakutsiz eta herriaren historia azalduz. Trena hartu behar zutela-eta, aurreikusitakoa baino bisita gidatu laburragoa egin zien arren, Elgoibar hobeto ezagututa itzuli ziren Donostiara. Kantuan eman zioten amaiera bisitari, honako bideoan ikus daitekeen moduan.