Zehazki, Arribiribileta zutarria eta Irukurutzetako tontorraren artean dago erosi duten lursaila, Errekaundieta Burua deritzon parajean, Elgoibarko lurretan.
Abeltzantza estentsiboaren alde
Gaur egun, Irukurutzeta Fundazioak, mendigaineko 53 hektarea lur ditu jabetzan eta 23 behor darabilzki bertan, gehienak pottokak. Julian eta Martin Ezenarro Fundazioaren kudeatzaileen esanetan, urtean pare bat aldiz “garbitzen” dituzte lursailak, otak eta sasiak kenduz eta entresakak eginez, Fundazioaren helburua baita abeltzantza estentsiboarentzako egokia den paisaia, zelaiz eta zuhaitz bakanez osatua, eratzea. “Gure helburua mendia babestea da, besteak beste, dena eukaliptoz bete ez dadin”, azaldu dute Ezenarro anaiek.
Kudeatzaileen esanetan, Fundazioak urtean 6.000-8.000 euro inguruko gastua du, batez ere, behorrentzako pentsutan gastatzen dena, neguaren gogortasunaren arabera eta horrez gain, makineria konpontzen ere izaten dituzte gastuak. Gastu horiei aurre egin ahal izateko, azken urteotan, hainbat enpresaren laguntza lortu dute: Soraluze Kooperatiba, Orona, Dikar, Erreka…
Fundazioaren asmoa da etorkizunean ere lursailak eskuratzen jarraitzea “zirkulua itxi arte”.
Irukurutzeta Fundazioa
Irukurutzeta Fundazioa 2021 urtean eratu zen arren, Bergarako Osintxu auzoko Julian, Kontxi eta Martin Ecenarro anai-arrebek urteak daramatzate Fundazioak bere egin dituen helburu nagusien aldeko jardunean. Estatutuetan deskribatzen denez, Irukurutzeta Fundazioaren xedea Karakateko, Kortazarreko, Irukurutzetako eta Agarreburuko natura eta historia-intereseko gunea berreskuratzea, mantentzea eta gizarteratzea da, eta hortan ibili dira Julian eta Martin fundazioa eratu aurreko azken 15 urte hauetan. Gainera, lan handia eginez eskuratu, garbitu eta mantendu dituzten 45 hektarea inguruko landa-lursailak jabari osoan eman zituzten, bertako lurretan zaintzen dituzten hainbat pottoka eta Euskal Herriko mendi zaldiekin batera.
Irukurutzeta Fundazioak honako helburuak ditu jasota estatutuetan:
- Karakate eta Irukurutzeta arteko naturagunean dagoen mendia eskuratzea, berreskuratzea eta mantentzea, zuhaitzak dituen larre bihurtuz.
- Bertoko zuhaitzak berreskuratzea eta mantentzea: pagoa, haritza, lizarra, artea, e.a.
- Bertoko fauna -Pottoka eta Euskal Herriko mendiko zaldia- eskuratu, berreskuratu eta mantentzea, abeltzaintza estentsiborako berreskuratutako naturagunea aprobetxatuz.
- Karakate, Kortazar, Irukurutzeta eta Agarreburu arteko naturaguneko flora, fauna eta interes historikoa gizarteratzea eta sustatzea.
Informazio guztia irukurutzetafundazioa.eus webgunean dute jasota. Julian eta Martin Ezenarrok Soraluzeko plaentxia.eus atarikoei azaldu zizkieten Irukurutzeta Fundazioaren nondik-norakoak eta helburuak.