Erreportajea

Elgoibartik Nurbrungingera, buelta bat ematera

Asier Orbea 2025ko ots. 21a, 18:56

Autoa leku batetik bestera mugitzeko garraiobide soila da batzuentzat, baina hori baino gehiago ere bada beste hainbatentzat. Badira estatusarekin -edo hobe esanda estatus jakin batekin- lotzen dutenak, eta badira ibilgailuak askatasun indibidualarekin lotzen dituztenak ere. Orriotara ekarri ditugun lagunak autozaleak dira oso. Gogoko dituzte autoak -ezaugarri jakin batzuk dituztenak bereziki- eta gozatu egiten dute gidatzen. Gidatu eta gozatu, horixe egin dute Nurburgringera eginiko bidaian. Izan ere, autozaleen meketako bat da Alemanian dagoen automobilismo zirkuitu ikonikoa. Idotorben batu gara lagun taldeko kide batzuekin euren ibileren berri izateko.

Igor Ziorragak, Jacob eta Abraham Bilbatuak, Jon Perez-Cortesek, Xabier Aurtenetxe durangarrak eta hitzordura azaldu ezin izan duten lagun taldeko beste kideek umetatik partekatzen dute autoekiko zaletasuna, eta gustua ere antzerakoa dute. "Aukeran auto deportiboak gustatzen zaizkigu: zenbat eta elektronika gutxiago eduki, askoz hobeto. Denok bat gatoz horretan. Horrexegatik gustatzen zaizkigu duela urte batzutako autoak, gure denborakoak nolabait esateko. Ez gaituzu gu auto elektriko bat gidatzen ikusiko, autoen mekanikan eskua sartzea ere gustatzen zaigulako, besteak beste", azaldu du Ziorragak. Berak 1995. urteko Mini Cooper bat dauka. 1987ko Renault 5 Turbo bat Bilbatuak, Renault Clio Sport bat Perez-Cortesek, Mitsubishi Lancer EVO 6 bat Xabik, eta BMW E46 bat Abraham Bilbatuak. (bideoan azaltzen dituzte bakoitzaren ezaugarriak)

Desioen zerrendan aurreneko postuetan zuten aspaldiko amets bat bete dute guztiek. Alemanian dagoen Nurbrungingeko zirkuitu ezagunean izan ziren iaz. Bost eguneko bidaia egin zuten. "Einbiou, einbiou..., baina beti atzeratzen genuen ametsetako bidaia egin dugu", diote. Urteak aurrera doazela ikusita eta kuadrillakoen artean umeak ugaritzen, argi zuten zirt edo zart egiteko unea zela. Deialdia zabalagoa zen arren, joan ahal zutenekin bost laguneko konboia osatu zuten azkenean. Etxekoekin berba egin ostean, irteerarako egun bat jarri zuten, eta hor hasi zuten gurpil gaineko abentura.

Igor Ziorraga, Xabier Aurtenetxe, Abraham Bilbatua, Jon Perez Cortes eta Jacob Bilbatua, bidean egindako geldialdi batean.

ZIRKUITU IKONIKOA ETA JOSTAGARRIAK

Eifel mendietako basoen sakonean ezkutatuta dago Nürburg (Renania-Palatinado, Alemania) hiri txikia, zirkuituari izena ematen diona. Otto Creutzek diseinatu zuen 1927tik martxan dagoen
autodromoko lehen pista, motor munduko ingeniari alemaniar onenen asmakuntzak eta aurrerapenak proban jartzeko eta pilotuen talentua neurtzeko. Gaur egun ere fabrikatzaile gehienek erabiltzen dute zirkuitua azken modeloek eskaintzen dituzten gaitasun dinamikoak neurtzeko, izan 1 Formulako autoak, DTM autoak, merkatuan dauden modelo kiroltsuenak eta baita autobusak ere. Trazadurak aldaera desberdinak eduki ditu sorreratik, eta egun 26 kilometroko ibilbidea osatu daiteke Nordschleife izeneko pistan. Munduko autodromorik luzeena denak 40 bihurgune ditu ezkerretara eta 50 eskuinetara. Bihurgune itsuak ditu non-nahi, eta izen propioa duten peralteengatik ere bada ezaguna. Gidatzeko esku onak eskatzen ditu, pista estua delako (6,7 eta 9 metro bitartean) eta gorabehera askokoa: itzuli batean 300 metroko igoera-aldaketak daude. Erronka da gidari trebeenentzat ere.
Aurrez aipaturiko historia eta ezaugarri guztiengatik, Nurburgring helmuga sakratu moduko bat da gidarientzat, bai profesionalentzat, bai zaleentzat. Erromes joaten diren askok ezagutzen dituzte pistaren arriskuak, edo ezagutu beharko lituzkete, trazadurarik arriskutsuenetarikoa baitu, eta eraiki zutenetik ia 70 gidari hil direlako. Gainera, apenas duen segurtasunez erretiratzeko eremurik. Munduko zirkuiturik zailena eta nekagarriena zela zioen 1 Formulako gidari Jackie Stewart eskoziarrak, eta "infernu berdea" [Grüne Hölle alemanieraz] izena asmatu zuen pistarentzat.
Martxotik azarora bitartean Touristenfahrten edo ibilaldi turistikoen denboraldia izaten da. Mundu osoko fanatikoz betetzen dira Nurburg inguruko hotel eta ostatuak eta arrazoi berak batzen ditu guztiak, miresmena pizten duen zirkuituari bira bat bestearen atzetik egiteko grinak. Astegunetan 30 euroko ordainsaria ordaindu behar da itzuli bat emateko eta 35 euro asteburuetan.

USTE BAINO ZIRRARA HANDIAGOA

Elgoibartik joan zen taldearentzat Nurbrungingera ailegatzea izan zen lehen erronka, kontzientziaz zaintzen dituzten arren, kezka baitzuten nola erantzungo zuten konboiko bi auto
zaharrenek. Bost autoak oso ondo portatu zirela diote eta hara iristeko bidaia ere dibertigarria izan zela. "Txantxa artean eta giro onean egin genuen bidaia luzea, 18 bat ordukoa, eta inor atzean ez gelditzea izan zen gure ardura bakarra". Bariku batean ailegatu ziren zirkuitura, eta astebururako eguraldi txarra ematen zutenez, itzuli bakarra ematea erabaki zuten taldekide batzuek, badaezpada, heldu berritan. Ordainsaria ordaindu eta sartu ziren amestutako pistan, baina uste baino gogorragoak izan ziren emozioak. "Han Porscherik ez baduzu, ez zarela inor ematen du, eta pistari itzuli bat emateko alokatu ahal diren autoak ere gama eta potentzia oso handikoak izaten dira, alemaniar marketakoak gehienak; Audi, BMW eta Porscheak. Horiekin partekatzen duzu zirkuitua, eta batek zu pasatzea ez da horrenbestekoa, baina lauzpabost ilaran datozenean... ostras! handia da inpresioa. Nire autoa adibidez, joan ginenon artean potentzia gutxien daukana da, 60 zaldi besterik ez ditu. Topera nihoan arren, kanpotik begiratuta barraskilo bat emango nuen seguruenez, baina sentsazioak biziak dira horren auto txiki eta arinaren barruan. Dardarka irteten zara autotik, emozioak bor-bor", azaldu du Ziorragak.

ARRISKUAK ETA KOSTUAK

Nurburgrinen, ametsa amesgaizto erraz bihur daitekeela bazekiten, eta esku frenoa emanda ibili dira, horren kuttunak dituzten autoak arriskuan jarri behar baitzituzten. "Kolpe tonto baten erruz, 6.000 euro inguruko gastua egitea uste baino errazagoa da. Horregatik, beharbada, ahal ekonomiko handiko jendea ikusten duzu han. Istripuren bat izanez gero, norbere gain hartu behar dira konponketa gastuak, eta zirkuituko babesak joz gero ere, norberak ordaindu behar ditu. Argi adierazten dute zenbat ordaindu beharko zenukeen lohi-babes bat joz gero, bi apurtuz gero, garabia behar izanez gero, laguntza autoa irten behar bada... eta istripu bategatik zirkuitua ixtera behartuta badaude, orduko 1.350 eurokoa da kostua. Zerrenda luze bat dute, kostu guztien berri ematen duena. Alemanak dira!". Azken finean, ordainpeko errepidea publikoa da eta, beraz, trafiko-arau batzuk bete behar dira.

Xabier Aurtenetxe bere Mitsubishi Lancer EVO 6 autoa gidatzen Nurbrunging zirkuituan.

Pistarekin eduki zuten lehen hartu-emanetik ikasi ostean, taldekideek kemena berreskuratu eta itzuli gehiago eman zituzten hurrengo egunean, eta gozatu egin zuten. Itzuliez gain, motor munduarekin zerikusia duten museoak ikusi eta lasterketak ere jarraitu zituzten. "Asteburu betea izan zen, ekitaldiz gainezka zegoen asteburua aukeratu baikenuen, jakin gabe. Ezusteko atsegina izan zen. Auto ikusgarriak bertatik bertara ikusteaz gainera, gure gustu berdinak dituen jendea ezagutzeko aukera izan genuen eta gure autoak hobetzeko ideiak ere ekarri genituen".
Abiadura, arriskua eta ilusioa uztartu dituen bidaiatik pozik itzuli ziren, eta dagoeneko hasi dira itzulera prestatzen, ikasi duten guztia praktikan jarri eta esperientzia hobetzeko. Itzuliko dira itzuli gehiago ematera.