C.D. Elgoibarreko taldeek partida garrantzitsuak jokatuko dituzte Mintxetan asteburuan

Barren 2025ko ots. 21a, 12:27

Arrazoi desberdinegatik, baina partida garrantzitsuak jokatuko dituzte C.D. Elgoibarreko gizonezkoen bi talde nagusiek Mintxetan, eta zaleen babesa eskatu dute klubetik

Batetik, igoera fasea jokatzen ari den lehen erregional mailako taldeak Tolosaren aurka jokatuko du zapatuan, 18:00etan. Igoera fasean hamasei talde ari dira lehiatzen, eta hiru jardunaldiren ostean, zortzigarren postuan daude elgoibartarrak 4 punturekin, partida bat irabazi, beste bat galdu eta hirugarrena berdinduta. Mondra taldea dago lehen postuan, 7 punturekin, Intxurre, Axular Lizeoa eta Antigua-Luberri taldeekin berdinduta, guztiek batu baitituzte 7 puntu jokatutako hiru partidetan. Igoera fasea partida bakarrera jokatuko dute, hau da, talde batzuen aurka etxean bakarrik eta beste batzuen aurka haien futbol zelaian bakarrik. Elgoibartarrek esaterako, zazpi partida jokatuko dituzte Mintxetan eta gainerako zortzi partidak etxetik kanpo. Horregatik, garrantzi berezia dute etxeko partidek eta zaleek harmailetan jartzen duten giroa behar dutela esan dute taldeko entrenatzaile Amets Isastik eta Carlos Gomezek. Igoera faseko lau talde onenak igoko dira zuzenean erregional preferente mailara eta 4. eta 5. sailkatuek igoera kanporaketa jokatzeko aukera izan dezakete, goiko mailan jaitsiko den talde kopuruaren arabera. 

Ilusio handia eta erasoko jokoan konfidantza

Isasti eta Gomez umeak eta gaztetxoak entrenatzen aritu dira orain arte eta lehen esperientzia dute helduen talde batekin, baina ilusio handiz lanean ari direla azaldu dute. "Talde polita osatu dugu, jokalari askorentzat lehen urtea da taldean, eta bi denboraldi daramatzate besteek, baina koadrila handi bat moduan funtzionatzen dugu, eta ilusio handiarekin gabiltza denok", azaldu du Isastik. Igoera fasea hasi besterik egin den arren, Beasain edo Mondra moduko talde indartsuekin parez pare dabiltzala dio.
Taldearen indargunea erasoko jokoan ikusten du. "Hasieratik saiatu gara baloiaren jabetza edukitzen, eta uste dut partida guztietan erakutsi dugula baloia batetik bestera mugitzeko dugun kalitate hori. Zelai erditik gora aritzen diren jokalarien azkartasuna ere bada gure ezaugarrietako bat". Azkarrak bakarrik ez eraginkorrak ere badirela zehaztu du, aukera asko sortu eta gol ugari egin dituztelako; 50 gol ligan. Aitzitik, taldearen ahulgunea edo hobetu beharrekoa atzealdean dute entrenatzailearen berbetan. "Beharko genituzkeenak baino jokalari gutxiago ditugu, eta hori dela-eta, eurena ez den posizioetan jokatu behar dute batzuek, eta defentsako jokoan eragina du horrek. Gainera oso gazteak dira oraindik eta esperientzia gehiago behar dute eskarmentu handiko aurrelarien aurka jokatzen dutenetan. Astero lantzen ari garen kontua da eta bagoaz hobetzen".

C.D. Elgoibarreko lehen erregional mailako taldeko kideak Arrasaten, pozik, igoera fasea jokatzeko sailkatzea lortu eta gero.

Haundi, zulotik gertuegi

Gizonezkoen C.D. Elgoibarren lehen taldeak, Haundik, mailari eusteko partida garrantzitsua jokatuko du domekan Mintxetan, 17:00etan. Añorgaren aurka jokatuko dute, bigarren sailkatuaren aurka, alegia. Haundi sailkapeneko 15. postuan dago, 20 punturekin; bost partida irabazi, hamaika galdu eta bost berdindu ostean. Hernani (19 puntu), Beti Gazte (15 puntu) eta Vasconia (10 puntu) bakarrik dituzte atzetik elgoibartarrek. Azken hiru taldeak jaitsiko direnez mailaz, puntu bakar bateko abantaila bakarrik du Haundik. Goitik Aloña Mendi (21 puntu) eta Mondragon (23) taldeak ditu. Hamahiru jardunaldin falta dira liga txapelketa amaitzeko.