Formazioz ingeniaria, eta afizioz eta ofizioz argazkilaria. Nolatan?
Ingeniaritza informatikoa ikasi nuen eta ikasketei lotutako ofizioetan jardun nintzen hamar bat urtez, pandemiara arte. Orduan jabetu nintzen egiten ninduenak ez ninduela horrenbeste betetzen eta aldaketa bat behar nuela. Eta heldu nion serioago argazkilaritzari, nire mundu ikuskeragatik gehiago betetzen ninduelako. Hein batean aitarengandik datorkit argazkilaritzarako afizioa. Ongarri argazkilaritza taldean ibili zen bera, eta gure etxean beti izan dira argazki-kamerak, baina hala ere, esango nuke mendian egindako jardunetik iritsi nintzela ni mundu honetara. Gaur egun, Oñatin bizi naiz eta Ilunpetan Argazki Taldeko kide naiz.
Pandemia! Zenbat klik eragin ote zituen!
Bai, esango nuke denoi eragin zigula. Batetik, lan-baldintzak aldatu zitzaizkigun, eta bestetik, sentitu genuen oso ahulduta gelditu zitzaizkigula ordura arte eraikita geneuzkan hainbat egitura sozial eta pentsamendu. Nik, gainera, gertuko lagun bat ere galdu nuen, oso gazte, eta erabaki nuen bizitza beste modu batean planteatzea, ez gaudelako luzarorako hemen. Ez zen hausnartu gabeko pausoa izan hala ere, eta diot askok hala pentsatzeko joera izaten dutelako, batez ere industria mundutik kulturara gerturatzen garela diogunean.
Izan ere, prekarioa da askotan kulturaren eta sortzaileen egoera. Hala salatu du Lanarteak ere.
Bai, bada prekarioa, eta horrek askotan nagia eragiten du pausoa emateko orduan, baina uste dut bere burua egoera zaurgarri batera bultzatzen duenak ere nekez uzten diola zuloan jausten.
Zer da gaur argazkilari freelance-a izatea?
Niretzat bizibide bat da ia-ia. Munduarekin harremanetan jartzeko bidea da, benetan interesatzen zaizkidan gaietara gerturatzeko aukera ematen didan bizibidea. Eta esango nuke, kulturako beste zeregin guztietan moduan, asko egin behar dela doan edo diruari gehiegi erreparatu gabe, dirua irabazteko bidea egiteko. Saiatu naiz ateak jo eta muturra sartzen motibatu nauten gauzetan edo interesa izan dudanetan. Argazkilari freelance-ak kontziente izan behar du gauza batzuei beste begirada batekin begiratu behar diela, jabetzeko benetan zer egin nahi duen, zerk motibatzen duen, eta hori, jakina, ez da beti dirutan neurtzen. Modu honetan aritzeak aukera eman dit, adibidez, kamerarekin Amoranteren munduan barneratzeko, eta zorionez, gainera, lan ordaindua izan da hori. Izaten dira sorpresa txarrak ere, baina ikuskera hau izanda, bizitzak opari asko egiten dituela esango nuke.
Ikusi ditugu zure mendiko argazkiak, fotokazetaritzako lanak, bai eta irakurketa motelagorako bidea ematen duten lanak ere, tartean AHTren obren inguruko 'Noraezean' erakusketa.
Bai, denetarik egin behar da, norberak nahi duen hori egin ahal izateko; Bihar [otsailak 7], esaterako, Maccabi Israelgo taldeak Gasteizen jokatzen du eta Hordago el Salto komunikabide autogestionatuarentzako argazkiak egitera joatekoa naiz. Lan horrek azkartasuna eta irakurleak erraz ulertzeko argazkiak egitea eskatzen dit. Baina badaude beste gai batzuk asko irabazten dutenak irakurketa motelago bat eginda, eta hori da AHTren obren kasua. Idatzizko generoetara etorrita, saiakera baten tipoko zerbait lirateke bi urte eta erdiko lan baten emaitza diren argazkiok. Arrasaten, Atxondon, Elorrion... gure inguru gertuan egindako argazkiak dira, erakusten digutenak gure inguruko gordailu naturala txikituta eta pentsarazten digutenak lurraldeari buruz daukagun ikuspegiaz. 2022ko maiatzean egin nuen lehenengo argazkia, Atxondon, eta denbora eman dut gaiari ertzak topatzen. Saiatu naiz argazkien bidez nire kezkak azaleratzen. Ez zait gustatzen porlanaren negozioa sustatzen duen eredua, eta Noraezean proiektuan hori erakutsi nahi izan dut: ez daukagula hain garbi nora goazen, obrek jarraitu arren.
Eta gure inguru gertutik Jordaniara egin duzu salto azkena. Nolatan eta zertarako?
Kasualitate batzuk batu dira. Batetik, beti izan dut halako maitemin erlazio bat Ekialde Hurbilarekin eta, bereziki Palestinarekin, euskal herritar askok ezinbestean daukaguna. Bestetik badu honek pandemia garaian egin nuen klikarekin loturarik, orduan izan bainuen estreinakoz aukera Lesboseko errefuxiatuentzako kanpalekua eta hango migrazio mugimendua ezagutzeko, bikotekidea eta beste hainbat ezagun han ibili zirelako lanean. Estreinakoz izan nuen orduan prentsak beste aldean kokatzen duen jendearengana gerturatzeko aukera, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin izan genuen harremanaren baitan, hiru astez gure pisukide izan genuen Jordaniako neska bat ezagutzeko aukera izan nuen. Bikotekidea eta biok, mendizaleak izanda, beti izan dugu Jordania begiz jota, eskaladarako toki paregabea delako, eta joan ginen lagunaren eskutik hara. Geroztik lau aldiz egon gara Jordanian eta errefuxiatu palestinarren errealitatea ezagutu dut han, Jordaniako herritarren %60-70 errefuxiatu palestinarrak direlako. Dokumental bat grabatzen izan nintzen Gabonetako oporraldian han.
Nola egin duzu beren herrialdetik kanpo bizi den komunitate palestinarrarengana iristeko?
Jordaniara joan ginen aldietako batean, joaneko bidaia bakarrik hartuta joan ginen, proba" tu nahi genuelako han aldi baterako gelditzeko aukerarik ba ote geneukan, eta lotu nuen hori fotokazetaritzarekin. Osatu nuen sare bat hango kazetariekin eta hortik sortu zait aukera hau, Gazako kazetari lagun baten eskutik. Bera Jordanian bizi izan da betidanik, baina ez dauka hiritartasunik, eta aldiro berritu behar izaten du errefuxiatu palestinarra dela ziurtatzen duen dokumentazioa. Urtarrilean grabatu genuen dokumental estiloko laburmetraia, eta ondo bidean, otsail bukaerarako amaituko dugu.
Kolaborazio lan horretan zein izan da zure papera?
Laguna eta bion artean hitz egindako proiektua izan da, baina niri erreparo halako bat ematen dit Mendebaldekoa izanda hangoen errealitatea kontatzen hastea, eta asko zaindu dut gerturatze hori nola egin behar nuen. Kontziente izan naiz uneoro 40 urte bueltara gerturatzen ari naizen gizonezkoa naizela, Mendebaldekoa eta zuria, eta uneoro aritu naiz nire buruari galdezka ia begirada dekoloniala nuen. Galdetu diot nire buruari hegemonikoki nor naizen eta saiatu naiz argi izaten nora nindoan, eta zer kontatzera. Nik ez nuen izan nahi kanpotik hangoa kontatzera doan norbait, eta are gutxiago, orain, konturatu garenean han bertako kazetariak izan direla klabeak Gazan gertatzen ari zena kontatzeko. Hasieratik laga nion garbi lagunari zuzendaria bera zela eta nik bota nitzakeela ideia batzuk, baina erabakiak berak hartu behar zituela, maitasun handienarekin lan eginda ere ni ez naizelako sekula hangoa izango. Taldekide guztiak emakumeak izan dira eta sekulako esperientzia izan da hori, altxor bat, gizonezkoekin lan eginda badakigulako beti jotzen dela erreferente batzuengana, estetika jakin batzuetara eta gizontasun eredu jakin batera.
Hegemoniatik aldentzeko ahalegin kontzientea egin duzula alegia.
Ahalegin bat izan da, baina badakit beti ez nuela lortuko, ni ere natorren lekutik natorrelako. Urazandin jaio nintzen 80ko hamarkadan, eta marka hori beti eramango dut nirekin, nahi ala ez. Baina beste argazkilari lagun batzuekin sarri komentatzen dut ez dela horrenbeste zer gertatu zaigun bizitzan, baizik eta non kokatzen garen gauzei begiratzeko orduan. Iruditzen zait kasu honetan itxuran egin ditugula gauzak. Gero ikusiko dugu norbaitek erosten digun dokumentala edo ez, baina lan polita egin dugu eta, kasurik txarrenean, Interneten eskegiko dugu eta pozik geldituko gara egindakoarekin. Pertsonalki lan honek bidea eman dit iristeko kuriositate handia nuen leku batera, iristeko oso militarizatuta dauden kanpalekuetara. Izan ere, polizia sekretaz josita daude.
Zer kontatu duzue dokumentalean?
Belaunaldiz belaunaldi transmititu den Palestinako brodatze-arte zaharrari buruzkoa da (Tatriz edo Tatreez). Tatrizari garrantzi handia ematen diote palestinarrek, eta belaunaldien arteko kultur transmisiorako eta herri identitatearen transmisiorako oso elementu garrantzitsua izan da beti. Herri identitatearen transmisio hori ematen da, gainera, batez ere emakumezkoena den leku batean, eta horrek aukera ematen digu beste irudi bat zabaltzeko. Oso ohituta gaude Hamaseko militanteak edota Jihad islamikoa talde palestinarreko gizonak ikustera kalean fusilekin armatuta, baina emakume palestinarrek ere izan dute beren gerra-eremua eta izan da kulturala.
Grabatzen jardun zaren denboran zerk harritu zaitu edo zenbatetan jarri zaizkizu hankaz gora zuk palestinarrez zenituen usteak?
Ez naiz joan hara ohiko turista baten gisa, ez naiz joan pentsatzen hangoa nire zerbitzura jarri behar denik kanpotik noalako. Saiatu naiz asko irakurrita joaten, zer dagoen informatuta alegia, eta beharbada horregatik ez dut ezusteko handirik hartu. Dena guk daukagunarekin alderatzeko joera hori asko zaindu dut propio, batez ere askatasuna-eta moduko gaietan. Musulmanak dira gehienak han, oso islamiarrak, nire hango lagunak ezkertiar eta komunista xamarrak diren arren, eta askatasuna hangoa dute. Oro har esango nuke oso herrialde erresilientea dela; oso harro daudela euren jatorriaz. Esango nuke beren herri-identitatea sendo mantentzea dela, hain justu, palestinarren identitate-ikurra. Ez dira sekula txikitzen ezeren aurrean. Nire lagun honek, esaterako, askotan izan ditu zerbitzu sekretuetako poliziak gainean, sare sozialetan Gazako genozidioa salatzeagatik. Askotan eraman dute komisaldegira eta mehatxu egin diote familia osoari bizileku-baimena kentzearekin ere, baina ez da sekula isildu.
Galderak zaizkizu lanerako abiapuntu. Zer galdera egin diozu zeure buruari handik bueltan?
Bidaiatu daiteke Palestinara? Palestinarrei laguntzea da hara bidaiatzea? Bikotekidearekin sarri hitz egin izan dut horren inguruan, azkenekoz Jerusalem bisitatu nahiko lukeela esan zidanean. Niri ere sortzen dit kuriositatea egia esan, baina ez ditut hiru egun pasatu nahi bidean israeldarrekin jatorra izaten deuseztatze-esparru zabal batera joateko. Beti izan dut hori nahiko garbi eta indartu zait uste hori lagun palestinar batzuekin izandako solasaldi baten ondotik. Palestinan egona nintzen galdetu zidaten eta esan nien ez neukala argi dauden egoeran hara joatea nahi dudan. Eta erantzun zidaten eurek nahiago zutela ez, entitate genozida bati dirua ematea delako. Badakit, gainera, Hussein zubian barrena Jordaniatik Palestina okupatura pasatzen direnei paper batean sinatzen dietela pasaportea, pasaportean bertan sinatuz gero pertsona horrek ezingo lukeelako gero herrialde arabiar bakar batean sartu.
Zer beste duzu orain esku artean?
Zarautzen erakusgai izan ditudan AHTren obrei buruzko argazkiak dauzkat orain erakusteko moduan, baina 2025a esploratzeko eta jolasteko urtea izango da niretzat. Denbora asko daramagunean ideia berari bueltaka, gorputzak gelditzea, poltsa hustea eta begirada zabaltzea eskatzen du. Landu nahiko nukeen gai kontreturik ez daukat. Miresten dut fotokazetaritzan diharduten lagunek istorioak ikusteko duten gaitasuna. Ni horretan desastre bat naiz. Badaude interesatzen zaizkidan gaiak, baina kosta egiten zait ikustea nondik gerturatu nahi dudan gai horretara. Eta etengabe aritzen naiz neure bururi galdezka. Begira, Anna Surinyach argazkilari katalanari, 5W aldizkariko editore grafikoari, entzun nion behin esaten argazki batek ez dituela mila hitz baino gehiago balio behar; argazki batek mila galdera baino gehiago sorrarazi behar dituela. Gustatzen zait argazkilaritza ulertzeko modu hori, iruditzen zaidalako bizitzan ere hala dela: 'Hau horrela da' esaten digutenean baino gehiago ikasten dugu zerbaitetaz pentsarazten digutenean.
Mendiko argazkien bidez ezagutu zintugun. Argazki ederrak ziren, testu motz eta poetikoekin lagunduta ematen zenituenak. Baduzu idazteko zaletasun hori ere, ala?
Izan nuen garai bat mendian argazkiak egitekoa, bai, eta beti esaten dut bizitzak egin zidan oparia izan zela hori, baina gaur egun ez naiz hori, eta ez daukat zapatu goizetan izotz bila mendira irteteko lehen nuen azkura hori. Testuak... Banuen orduan mendia erromantizatzeko joera. Bost eguneko lan-astearen ondoren bi eguneko gozamena zen mendian ibiltzea. Bidaia luzeak izaten ziren, eta ordu asko izaten nituen nire baitara bildu eta pentsatzeko edo lagunarekin hitz egiteko, eta horri erantzuten zion horrek. Jende askok aipatu dit kontu hori, eta badakit jende batek horren falta ere igarri duela, baina hori amaitu zen.
- Jon Garateren lan gehiago jongarate.com webgunean