Mendebaldeko zibilizazioan erromatarrekin hasi ziren egunak, hilabeteak eta urteak bereizi eta izendatzen. Greziarrek ezagutzen zuten hemeroteka (egunen kutxa) baina ez zuten kalendariorik. Horregatik esan ohi da gauza bat egiteko planik edo itxaropenik ez dagoenean ad calendas grecas. Horrek ez du esan nahi, lehenago denbora eta aroak bereizten ez zituztenik. Betidanik bizi izan ditu gizakiak hotzaren eta beroaren, lehorte eta eurite zein haizetearen ondorioak; baita ortzian eguzkiak eta ilargiak egiten dituzten ibilbideak eta izarren keinuak ere. Urtea (ur+te) deitu genion euskaraz uraren zikloari, lehorraldiari lehor+te, eurijasa luzeari euri+te eta haizealdiari haize+te bezala. Kalendario eta egutegi beharrik gabe bizi izan da gizakia, baina naturaren zikloen jakitun.
Beste kultura batzuk bezala, gu ere beharrak edo premiak eraman gintuen etengabeko mugimendua izendatzera. Lurra lantzen hasi ginenetik, Neolitikotik, dakigu fruitu sikuak (urrak, intxaurrak, ezkurrak) aldi jakin batean ditugula jangai. Hortik urria. Azaroa (hazila) hazia ereiteko aroa dela (mendebaldeko euskalkian, orain dela gutxi arte, semendia (semen). Erromatarrek erakutsi omen ziguten udazkena, azaroa (hazi aroa) zela garia, oloa zein garagarra ereiteko sasoia, uztailean uzta jaso nahi izatekotan. Urtarrila ezaguna zen mendebaleko eta iparraldeko euskakietan, baina Gipuzkoan erabiliago zen ilbeltza. Ez du azalpenik behar. Otsailak otsoekin ei du lotura. Artzainak eta baserritarrak negu beteko elurteetan etxe ondora edo artaldeetara hurbiltzen ziren otsoen beldur. Apirila, jorraila zen nire ume denboran. Udaberrian ernetzen ziren landareen ondoan belar txarrak kentzeko sasoia, jorratzeko sasoia. Iratxe edo iratiak mendia okrez margotzen zutenean zen iraila. Funtsezkoa ira edo garoa ere baserri eta txaboletan korta edo ukuiluak ganaduen atsedenerako etzanleku bigunak prestatzeko. Iparraldeko euskalkiak, eguzkia jarri zigun gure egutegiaren erdigunean: ekaina (eki edo eguzki+gaina). Udako solstizioa edo eguzkiak ortzian puntu gorena hartzen duen aldia. Haiek zerura begira, hegoaldeko baserritarrok baba (bagila) edo garagar (garagarrila) uztari adi geunden artean. Argi dago bizimoduan sortzen diren behar edo premietatik datozela, hemen eta han, izendapenak. Hurrengoan gehiago.