Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolatik jakitera eman dutenez, 140 pianojole inguru elkartuko dira Elgoibarren antolatu duten piano topaketan. Musika eskolako piano ikasleak izango dira 50 inguru eta gainerakoak Zestoa, Orio, edo Zarautzetik etorriko dira.
Musika Eskolako auditoriumeko pianoaren aurrean eseriko dira guztiak, duten onena emateko. Lau txandatan banatuta arituko dira piano ikasleak, 09:30etik 18:00ak ingurura arte. Txanda bakoitzaren bukaeran diploma banaketa egingo dute.
"Goizean pianojole gazteenak hasiko diren arren, nahastu egin ditugu kategoriak, topaketari bizitasun handiagoa emateko", azaldu du eskolako zuzendari Imanol Garaizabalek. A Kategorian 11 urte arteko piano ikasleek hartuko dute parte, 14 urtera artekoek B kategorian, 18 urtera artekoak C Kategorian eta 18 urtetik gorakoak D kategorian. Hori bakarkakoan, bikoteka ere joko baitute pianoa Lau Eskutara kategorian parte hartuko duten ikasleek.