Saharako Euskadiko Ordezkaritzak, Oporrak Bakean programa laguntzen duten udalak eta ekimen hau posible egiten duten elkarte eta harrera-familietako ordezkariek aurkeztu dute aurtengo egitasmoa, eta Saharako umeak etxean hartzeko familiak behar dituztela nabarmendu dute. Euskal Herrian urte luzez garatzen ari diren ekimena da hau, eta azken 15 urteotan 4.597 ume saharar hartu dituzte udan euskal familietan. Euskal Autonomia Erkidegora 153 ume etorri ziren 2022an, 183 hurrengo urtean eta, iaz, 188. Harrera familiez gain, lau aterpetxe ere egokitu dituzte udan umeak hartzeko: hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Koronabirusaren pandemiaren aurretik ume gehiago etortzen ziren, eta kopuru haietara iristeko familiak behar dituzte. Erbesteratuta Aljeriak emandako basamortu zatian bizi diren ume horiei leiho bat zabaldu nahi diete esperantzarako, eta horretarako deia egin diete euskal familiei. Interesatuek martxoaren 15era arteko epea dute izena emateko, obkanpaina@gmail.com helbidera idatzita.
Orain dela bi urte eman zuen pausoa Iera Larrañagak (Deba, 1989). Deban badago familia bat urte pila batean ume sahararrak ekarri izan dituena uda pasatzera, eta familia hori izan du erreferente Larrañagak. Alaba bakarra da bera, eta amari beti eskatu izan zion umetan Saharako umeren bat ekartzeko Debara. Amak, baina, udan lan egiten zuen tabernan, eta umetan ezin izan zuen bere ilusioa bete Ierak. Orain, bai, ordea. Irakaslea da lanbidez, eta ingurukoen laguntzarekin bete du ilusioa. "Askok uste dute irakasle guztiok bi hilabeteko oporrak dituztela, baina nire kasuan, uztailaren erdialdera arte lan egin behar izaten dut. Hortaz, bakarrik bizita, norbaiten laguntza behar nuen udako bi hilabeteetarako ume saharar bat ekartzeko". Amak erretiroa hartu zuenean eman zuen pausoa, eta duela bi urte eman zuen izena Oporrak Bakean egitasmoan. "Amaren eta gertuko senideen laguntzarekin moldatzen naiz".
Aurtengoa hirugarren uda izango du Abduk Elgoibarren. Orain arte umeek hiru urtez etortzeko aukera izaten zuten, baina aldaketak egin dituzte egitasmoan eta, horri esker, orain lau aldiz etortzeko aukera dute: "Aldaketa hori oso positiboa izan da guretzat", azaldu du Larrañagak. "Lehenengo urtea elkar ezagutzen pasatzen dugu; bigarren urtean egokitzapenean pasatzen ditugu hasierako egunak eta etxera joateko eguna gainean dugunean hasten gara disfrutatzen; eta hirugarren urtea, gozameneko urtea izaten dena, azkena izaten zen oraintsu arte. Horrek nekea eragiten zuen familietan, eta arduradunek familien eskaera ontzat eman dute".
2023ko udan ekarri zuen Ierak Abdu estreinakoz. Izatez, 9 urteko neskatila bat zetorren berarekin uda pasatzera, eta etxean dena prest zuen hura hartzeko. Iritsi baino egun bat lehenago, ordea, dei bat jaso zuen. Telefonoz esan zioten bere etxera etortzekoa zen neska ez zela etorri, baina nahi bazuen, mutiko bat hartzeko aukera zeukala. Bat-batean bere planak hankaz gora jarri ziren: "Umeak Saharatik soinean daukatenarekin etortzen dira, eta hemen behar duten guztia guk ematen diegu. Nik neska batentzako arropa neukan prest, eta egun batetik bestera arropa askok ez zidan balio". Hala ere, ez zuen birritan pentsatu, eta baietz erantzun zuen: "Lankideei, lagunei eta senideei komentatu nien gertatu zitzaidana, eta mutilentzako arropaz betetako poltsakadak jaso nituen berehala".
Azken 15 urteotan 4.597 ume saharar etorri dira Euskal Herrira oporrak bakean pasatzera. Hala ere, pandemia garaitik kopurua asko jaitsi da eta harrera familiak behar dituzte, Saharako umeak udan etxean hartzeko
Eta iritsi zen Abdu, 9 urteko mutikoa. "Lotsatia eta isila, baina maitagarria". Hasiera guztiak izaten dira konplikatuak, baina berehala bertakotu zen. Beharrezko osasun zaintzak egin zizkioten, eta betaurrekoak ipini zizkioten, konturatu zirelako oso gaizki ikusten zuela: "Oporrak Bakean egitasmoak badauzka dirulaguntzak horrelako kontuetarako, eta Durangoko optika batera joan behar genuela esan zidaten. Zorionez, ikusmena zuzendu zaio eta orain ez du betaurrekorik behar".
Sekulako esperientzia izan zen Ierarentzat, eta hurrengo udarako ere egin zuen eskaera. Berak ez zeukan zalantzarik, baina itxuraz Abdu ez zegoen hain konbentzituta: "Ezkontza bat zeukaten, eta ez zuen ospakizun hura galdu nahi. Azkenean etorri zen, eta iristeaz bat ahaztu zitzaion ezkontzaren kontua. Primeran pasatu zuen bigarren urtean ere, eta aurten berriz etorriko da. Ni pozik nago laugarren urtez ere etorri ahal izango delako datorren urtean, bestela aurtengoa izango litzateke azkena".
Yunes etorri zen Goreti eta Gaizkaren baserri-etxera
Goreti Elortza (Bergara, 1983) eta Gaizka Etxaniz (Elgoibar, 1984) iaz sartu ziren egitasmoan. Goretik umetatik ezagutzen zuen ume sahararrak ekartzen zituen Bergarako familia bat, eta bere kuadrillako lagun batek ere ekarri izan ditu umeak udan. Urteak zeramatzan gaiari bueltak ematen, eta iaz, bere bikotekide Gaizka Etxanizekin konpartitu zuen ideia: "Guk ez daukagu seme-alabarik, baina ilobak bai, eta haietako batek gainera 9 urte zituen iaz; etortzen diren umeen adin bueltakoa da alegia. Momentu egokia zela esan nion Gaizkari, gure burua guraso lanetan probatzeko ere". Hasieratik eman zion bikotekideak baietza eta aurrera egin zuten. "Ierarekin jarri ninduten harremanetan, bera delako eskualdean egitasmo honen arduraduna, eta beharrezko azalpen guztiak eman zizkidan".
Yunes etorri zen Goreti eta Gaizkaren baserri-etxera, 9 urteko mutikoa. Goretik kontatu du argazki bat eta izena besterik ez zeuzkatela eta hasieran oso urduri zeudela baina ilusioz eta emozio handiz jaso zutela umea: "Lorik egin gabe joan ginen umearen bila, gau osoa buruari bueltaka pasatu ostean". Behin umea beraiekin zegoela, hizkuntzarena izan zen gainditu beharreko lehen oztopoa. Mendebaldeko Saharakoen hizkuntza hassaniera da, arabiarraren dialektoa. "Eta Google-ek ez du dialekto hori ezagutzen". Goretik eta Gaizkak euskaraz egin zioten hasieratik Yunesi; asko hitz egiten zioten, eta dena errepikatu, eta berehala lortu zuten elkar-ulertzea: "Oso azkarrak dira, eta hizkuntza berehala barneratu zuen". Gomendatu zieten umearen integraziorako oso egokiak izaten zirela udalekuak, eta Atxutxiamaikan eman zuten izena. Abdurekin bat egin zuen udalekuetan Yunesek, eta beraientzat oso lagungarria izan zen Abdu ezagutzea. "Ez zuten elkar ezagutzen, kanpamendu desberdinetakoak direlako, baina jatorri berekoak dira azken batean, eta oso lagungarria izan zen bientzat, baina bereziki, Yunesentzat. Bere lehenengo urtea zen hemen, baina Abdurentzat bigarrena, eta hizkuntza aldetik askoz aurreratuago zegoen Abdu euskararekin. Horrek asko lagundu zion Yunesi", adierazi du Goretik. Bat dator Iera ere baieztapen horrekin: "Zipi eta Zape bihurtu ziren". Atxutxiamaikakoentzat esker oneko hitzak dituzte biek, hezitzaile bat jarri zietelako umeei, eta asko lagundu zietelako.
AGURTZEA ZAILA
Harrera familiek badakite udan umeak ekartzea ez dela adoptatzea, eta bi hilabeteren ondoren agur esan beharko diotela elkarri. Umeek ere badakite uda amaitzean etxera itzuliko direla, eta etortzen diren bezain pozik edo gehiago joaten dira bueltan. Ierak ondo eramaten du agur esateko momentua: "Aspektu horretan nahiko hotza naiz. Badakit zer den hau eta momentua iristean lasai egoten naiz. Nire amak egin zuen negar Abdu aireportuan agurtu genuenean, baina umea oso pozik zegoen etxera itzultzeko eta niri horrek lasaitasuna ematen zidan". Iazko udan Abdu gainerako umeak baino egun batzuk geroago itzuli zen, ebakuntza bat egin behar izan ziotelako, eta urduritu zen umea: "Badakite ez daudela etxera itzultzeko nahi beste aukera, eta dauden apurrak galduz gero, hemen geratu behar direla. Esan nion lasai egoteko, eta hemen geratu behar bazuen Ikastolara joango zela, baina Abduk etxera joan nahi zuen. Arraroa izaten da etxera itzuli nahi ez izatea, baina umeren bati gertatu izan zaio".
Goretik, aldiz, agurtzeko momentua ez zuen hain ondo eraman: "Ikusten nuen beste umeen artean sartu eta bazihoala hegazkinera, ia agur esan gabe, eta han joan nintzen beregana, muxu ematera. Begi bistatik galdu nuenean, negar malkotan hasi nintzen". Pena handia eman zion agurtzeak, baina aldi berean lasaitua ere hartu zuen. Goreti irakaslea da, eta bi hilabete izaten ditu jai udan, baina Gaizkak uztailean lan egiten du. Hortaz, uztaila bakarrik eman zuen Goretik une askotan: "Berari begira pasatu nuen uda osoa, sekulako tentsioa neukan". Gogoratu du hondartzara joan ziren egun batean bizi izan zuena: "Hondartza jendez lepo zegoen eta Yunes korrika joaten zitzaidan alde batetik bestera. Uretan sartzen zen, igeri egiten jakin gabe. Olatuetan ibiltzea gustatu zitzaion, eta ni uneoro bere atzetik ibili behar nintzen, zaintzen". Zentzu horretan mutil ausarta dela dio Goretik, sekula uretan ibili gabea izateko beldurrik ez duelako: "Olaizaga kiroldegiko igerilekura joan ginen egun batean ere, uretara salto egin zuen gu konturatzerako!". Aspektu horretan Abdu askoz lasaiagoa dela dio Ierak, baina berak ere eraman zuen Abdu, igerian ikasi zezan.
SAHARARA BIDAIA
Goreti eta Gaizka Saharan izan dira Eguberrietan, Yunesen kanpalekuan. Ierak ere badauka Abduren bizilekua ezagutzeko gogoa, baina orain arte ez du hara joaterik izan. "Aste Santuan joango naiz", esan du irribarre handi batekin.
Haien bizilekua ezagutzeak izugarri lagundu die Gaizka eta Goretiri Yunesen jokabide asko ulertzen: "Lehenengo egunetan, belarra ukitu eta ukitu ibili zen baserrian, erabat harrituta. Beraien bizitokia ezagutu genuenean konturatu ginen ez zuela inoiz mendi berde bat ikusi. Ikustekoa zen baita ere iturritik ura irteten ikusteak sortzen zion harridura edo komuneko bonba botatzeak eta argia piztu eta itzaltzeak sortzen zion harridura. Han ez daukate horrelakorik". Futbola, aldiz, nazioarteko kirola da, eta hori bai ezagutzen dutela ondo. Real Madril eta Bartzelonako jokalarien izenak ondo baino hobeto dakizkite eta futbolean asko jokatzen dute, ortozik eta desertuan: "Mintxetako igerilekuetara joan ginen lehenengo aldian uste dut ez ginela igerilekura iritsi. Futbol zelaia ikusi zuenean pozez zoratzen jarri zen. Oinetakoak kendu eta baloiarekin jokatzera joan zen". Gutxirekin bizi dira han, baina teknologia iritsi zaie eta Youtube oso ondo ezagutzen dute: "Han ere, hemen bezala, umeak sakelako telefonoei begira bizi dira. Gure etxean berehala ikasi zuen Youtube jartzen telebistan eta arauak jarri behar izan genituen". Jolasak ere desberdinak dira. Saharara joan zirenean ulertu zuten udalekuetan gertatu zitzaion egoera bat ere: "Udalekuetako lehenengo egunetan konturatu ziren uso bat ikusten zuen bakoitzean Yunes zoro moduan jartzen zela, eta egun baten uso bat harrapatzera zihoala, terrazan eserita zegoen emakume bati kafea bota zion gainera. Errieta egin zioten, usoak bakean lagatzeko esanez, eta ni ere saiatzen nintzen esplikatzen usoak ez direla harrapatu behar, baina berak ez zuen ulertzen, beraien kanpalekuan oso ohikoa delako usoak harrapatzen jolas egitea".
Hemengo aldean gutxirekin bizi dira. Etxeak kanpin denda estilokoak ziren orain dela gutxira arte, baina orain, harrizko edo adreiluzkoak ere badaude: "Han ere, hemen bezala, diferentziak daude eta gehiago daukanak etxe hobea dauka". Hori bai, daukaten apurra emateko daukate: "Ondo baino hobeto hartu gintuzten, dena zeukaten guretzat". Astebete egin zuten han, eta haien errealitatea ezagutzea oso aberasgarria egin zitzaien. "Emozionantea izan da, baina oso gogorra ere bai. Han ez daukate ezer, ez dago etorkizunik eta hango bizimodua latza da". Are latzagoa gainera emakumezkoentzat: "Gaizkari esaten nion erratza pasatzeko edo ontziak garbitzeko, eta Yunesen amak ezin zuen ulertu. Esertzeko esaten zion, eta niri ere esaten zidan hori ez zegoela ondo. Oporrak Bakean programan ere neskak oso gutxitan sartzen dituzte".
Eskubide kontuez ari garela, ezin dugu ahaztu eskubide guztiak urratuak zaizkion herria dela sahararrena. Urteetan ari dira borrokan beren eskubideak aitortuak izateko eta NBEk hitz emandakoa eta legez dagokiena betetzeko zain daude. Basamortuan eta erbesteratuta bizi dira, inolako aitortzarik gabe. "Alde horretatik badu Euskal Herriarekin antzekotasunik, eta umeak hona iristen direnean berehala ulertzen dute hemengo egoera politikoa. Familiakoekin bideo deiak sarri egiten genituen, eta berehala esaten zieten etxekoei hau ez zela Espainia, Euskal Herria zela". Haiek ere gu bezala beraien hizkuntza propioa dute, eta hari eusten diote: "Hassaniera da beraien hizkuntza, eta arabieraz gutxi hitz egiten dute. Elgoibarren berehala konturatzen dira zeintzuk diren Saharakoak janzkera eta hizkuntzagatik, eta ilusioa egiten die haiekin batzeak".
Ardura handia hartzen dute harrera familiek, baina badakite bi hilabeteko epe hori arnasgune ikaragarria dela umeentzat. Esperientzia potentea baina oso aberasgarria izan dela aitortu dute bi familiek, eta euskal familiak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera: "Hemengo umeentzat ere sekulako ikasketa prozesu aberasgarria da", adierazi du Ierak. "Inor ez da damutuko", gaineratu du.