Eduardo Momeñeren argazki erakusketa antolatu du Ongarri argazkilari taldeak

Barren 2025ko ots. 12a, 10:58

Eduardo Momeñe (Bilbo, 1952) argazkilariaren erretratuak jarriko dituzte ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean, hilaren 14tik 28ra. Lau hamarkadatan zehar ateratako argazkiak izango dira, eta oraingoan aurpegi eta figuretan jarri du arreta argazkilariak. 

Eduardo Momeñek bakarkako lehen erakusketa Bartzelonako Nikon galerian egin zuen 1974an. Ordutik, bere argazkiak bilduma publiko zein pribatuen parte dira eta erakusketak egin ditu hainbat herrialdetan. Bere azken erakusketak Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan (“Retratos y otras Ficciones” / 2023-2024), Luis Burgos Galerian (PhotoEspaña 2024) eta Palazzo Pasani Revedinen (Veneziako biurtekoa / Abr-May 2024) izan dira. Madrilgo estudioan, besteak beste, Elle, Marie Claire, Vogue eta Style aldizkarietarako lan egin du.

  • Ongarri Argazki Taldeak antolatu du erakusketa, Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin. Otsailaren 14tik 28ra bitartean, astelehenetik zapatura egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era. 

Tamaina handiko 21 erretratuk osatuko dute erakusketa, eta ezagunak dira irudi horietan ageri direnetako asko, besteak beste, Emma Suarez aktore espainiarra, Win Wenders zine zuzendar alemaniarra, Ouka Leele artista madrildarra, Jose Alfonso Morera Ortiz "El Hortelano" margolari valentziarra edo Agatha Ruiz de la Prada disenatzailea.

Eduardo Momeñek Win Wenders zine zuzendariari 1982an eginiko erretratua da Elgoibarko erakusketan ikusi ahal izango denetariko bat.