Otsailaren 20an egingo dute 2025eko San Bartolome jaietako egitaraua osatzeko lehen bilera

Barren 2025ko ots. 11a, 14:35

San Bartolome jaietako programaren zirriborroa eztabaidatu eta aberasteko bilera irekia antolatu du Udalak otsailaren 20rako.

Elgoibarko Udalak galdetegi bat jarri zuen online, San Bartolome jaietako kontzertuetarako eta jardueretarako ideiak eta proposamenak jasotzeko. Proposamen horiek egiteko epea otsailaren 9an bukatu zen. Erantzun ugari jaso dituztela azaldu dute Udaletik eta horiek aztertzeko bilera otsailaren 13rako iragarri bazuten ere, otsailaren 20ra atzeratu dute azkenean. Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da bilera, 17:30ean

Bileraren helburu nagusia da 2025eko San Bartolome jaietako programaren zirriborroa eztabaidatzea eta aberastea. "Bileran, jaien egungo zirriborroa bateratuko da, eta ekarpenak, iradokizunak eta iruzkinak jasoko dira, jaietako programa hobetzen eta aberasten laguntzeko. Era berean, bilera horren xedea izango da proposatutako jarduerak koordinatu eta bateratzea, ekitaldien egitarau koherentea, inklusiboa eta herritarren parte-hartzea ahalik eta gehien bultzatuko duena bermatzeko", zehaztu dute. 

Bileran parte hartzeko asmoa dutenei eguena aurretik jakinarazteko eskatu diete, kultura@elgoibar.eus helbidera idatzita. Edonola ere, proposamenak noiznahi bidal daitezke e-posta bidez kultura@elgoibar.eus helbidera.