Euskararen kudeaketan egindako ibilbidea aitortu diote Danobatgroup kooperatiba taldeari

Barren 2025ko ots. 11a, 15:46

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasoro Iturbe bisitan izan da Danobatgroupen Elgoibarko egoitzan, industria taldeak erakundearen barruan zein kanpoan euskararen erabilera sustatzeko eta integratzeko bi hamarkada baino gehiagoan eginiko "lan proaktiboa" bertatik bertara ezagutzeko, eta balorean jartzeko. 

Danobatgroupeko Euskara Batzordeko koordinatzaile Idoia Bustinduyk jakinarazi duenez, taldeko kooperatiba guztiek euskara planak eta Bikain kalitate ziurtagiriak dituzte, Emunekin lankidetzan egindako 25 urteko lanaren ondorioz.

Euskararen erabilera sustatzeko, integratzeko eta normalizatzeko orain arte egin duten lan horren -eta lortu dituzten emaitzen- berri eman zioten Aldasoro sailburuordeari Elgoibarrera egin zuen bisitan. "Gaur egun, gure enpresa guztiek dituzte euskara planak eta Bikain kalitate ziurtagiriak hizkuntza kudeaketan. 2024ko abenduan, adibidez, taldeko zerbitzu orokorrek eta Danobat kooperatibak urrezko bi Bikain ziurtagiri jaso zituzten, aitorpen maila gorena, eta Soraluce enpresak zilarrezko ziurtagiriaren mailarik altuena lortu zuen. 2023an Goimek kooperatibak urrezko akreditazioa jaso zuen", azaldu zion Bustinduyk. 
Era berean, hizpide izan zituzten industria taldearen eguneroko hizkuntza paisaia, euskara planaren mugarri nagusiak, euskararen 2025-2028 plan estrategiko berriaren erronkak eta taldeko enpresa bakoitzaren kudeaketa sistemetan euskara integratzeko dinamikak eta gakoak.

Ildo beretik, Danobatgroupe euskararen aldeko apustua "argia" dela adierazi zuen Danobateko lehendakari eta Danobatgroupeko lehendakariorde Jose Antonio Hidalgok.  "Gaur egun esan dezakegu gure enpresa guztietan integratuta dagoela euskara, baina emaitza horiek ez ziren posible izango gure pertsonen konpromiso gabe, eta Emunen aldetik urte hauetan guztietan jaso dugun laguntzarik eta aholkularitzarik gabe", azaldu zuen Hidalgok.

1.400 pertsona baino gehiagoko lantaldea

Mondragon Korporazioko kide, industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea du Danobatgroupek eta 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla. Urtean, 337 milioi euroko fakturatzen ditu.
Danobat, Soraluce eta Goimek kooperatibek osatzen dute Danobatgroup, eta nazioarteko erreferentea da makina-erremintaren eta fabrikazio industrialeko teknologien sektorean.