'Sólo hasta mañana' antzezlana taularatuko du Erre Produkzioak taldeak Elgoibarren, hilaren 7an

Barren 2025ko ots. 5a, 15:07

Erre produkzioak taldearen obra da Sólo hasta mañana, David Cañak idatzi eta Gorka Minguezek zuzendutakoa, eta otsailaren 7an (barikua), Elgoibarko Herriko Antzokian emango dute. 

Harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berriei buruzko antzezlana da, 14 urtez gorakoei zuzendutakoa. Oholtzan lau aktore arituko dira, nerabe askok bereziki Goazen! telesailetik ezagunak izango dituzten Lorea Intxausti, Nerea Elizalde eta Mikele Arizkorreta, eta Albar Cirarda, eta harremana ulertzeko moduan izaten diren aldaketen inguruko gogoeta eginaraziko dute, ikuspegi komiko batetik, baina beti ere gaia "sakontasunez" landuz, ikuspegi emozionaletik.

Honela dio sinopsiak: Aitziberrek lau lagunentzako bidaia irabazi du Karibeko resort batera, supermerkatu bateko zozketan. Gonbidatuak hauek dira: Olatz, bere bikotekidea; Ilargi, Aitziber eta Olatzen laguna; eta, azkenik, Ekaitz, Ilargiren laguna, azken orduan gonbidatuko dutena, mutil-laguna desleiala izan zaiola jakin ondoren.

19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak Herriko Antzokiaren webgunean eskuratu daitezke, sei euroan (Gazte-txartelarekin: 3 euro)