'La musaraña que robó una montaña' liburua idatzi eta ilustratu du Iban Barrenetxeak

Barren 2025ko ots. 3a, 10:08

'La musaraña que robó una montaña' liburuaren azala.

Paperezko koroa bat eta erresuma oso bat kolokan jartzeko gai zen satitsu bat (gaztelerazko, musaraña) zeuzkan errege zeken baten inguruko ipuina da Iban Barrenetxeak (Elgoibar, 1973) idatzi eta ilustratu duen azkena: La musaraña que robó una montaña

Iazko urrian argitaratu zuen eta Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegian irakurzaleen eskura jarri dute. Idazten ari zen beste ipuin batean topatu zuen Iban Barrenetxeak azken honetarako gaia edo heldulekua. Liburu hartako pertsonaia neskato irakurzale bat zen eta irakurtzen ari zen liburuen zerrenda osatu zuen Barrenetxeak, kontakizunerako. La musaraña que robó una montaña jarri zion izenburua liburu haietako bati, eta absurdo horri zentzua nola eman pentsatzen hasi zen gero, beste ipuin baterako materiala sortzen.

Ahoz gora irakurria izan zedin idatzi zuen liburua, eta estetika oso zaindua du, bai darabilen hizkuntzan, bai eta ilustrazioetan ere. "Ez nuen nahi dena nik esaterik. Eta beraz, saiatu naiz erregea zekena zela esan ordez, zekentasun hori erakusten, hitza bera aipatu gabe. Erregeak berak egiten du goizero koroa, bezperako egunkariarekin, eta bezperako egunkari horretan bildutako sardina errea gosaltzen du, bezperako ogi gogortuan sartuta". Liburuko ilustrazioak ere bereak ditu, nahiz aitortua duen hasieran lan hori beste ilustratzaile bati ematea ere pasatu zitzaiola burutik. Ohituak gaituenetik, baina, ezberdinak dira liburu honetako ilustrazioak. (ikus ibanbarrenetxea.com). Loqueleo-k argitaratu du Barrenetxearen liburua.