Herritar ugarik bedeinkatu dituzte San Blas opilak

Barren 2025ko ots. 3a, 11:32

San Blas eguna da gaur, eztarriko gaitzen zaindariaren eguna, eta opilak bedeinkatzeko ohiturari eutsi diote herritar ugarik.

San Blas opilez beteta zituzten poltsekin, otartxoekin edo erosketa-orgekin agertu dira ia guztiak opilak bedeinkatzeko elizkizunera. Maalan, 09:00etan, zein San Bartolome elizan, 10:00etan, izan dute horretarako aukera. Joseba Gonzalez parrokoak bedeinkatu ditu opilak.

Aspaldiko ohitura Elgoibarren

Koldo Lizarralderen 'Festa Herrikoiak Elgoibarren' liburuan jasota dagoenez, XX.mendeko lehenengo urteetan gatza, San Blas opilak eta lokarriak bedeinkatzen ziren herrian; hori guztiori, familian eztarriko minik ez izateko.
Gatza janari ia guztiei botatzen zitzaionez, jaki oro gelditzen zen bedeinkatuta. Mende hasieran Elgoibarren egiten ziren San Blas opilek ez zuten antzik gaur egun ezagutzen ditugunekin. Gaur egun, "bollo suizo" izenaz ezagutzen ditugunen antz handiagoa zuten. Gari irina, arrautzak eta esnea ziren haien osagaiak. Gainean, lau punta egiten zizkieten "titiak bezala", eta arrautza gorringoz bustitzen zituzten. Ohitura hori galdu egin zen duela 90 bat urte. Eta opil haien ordez, gaur egun, okindegietan, gozodendetan eta janari-dendetan eros daitezkeenak bezalakoak egiten hasi ziren.
San Blas egunean lokarriak ere bedeinkatzen dira. Batzuetan, lokarri hori fardela (lotutako zapi zuri handia) edo opil paketea lotzeko erabiltzen da. Horrela, dena batera bedeinkatzen da. Tradizioaren arabera, eztarriko minik edo eztulik ez izateko, lepoaren bueltan jarri behar da, eta zortzi egunetan eduki. Bederatzigarren egunean sutara bota behar da lokarria. Gaur egun ere, familia askotan gordetzen da errito hori. "Horretaz gain, hainbat lagunek tentsioa edo kolesterola zaintzeko erregimena egin behar izaten duenez, barazkiak eta fruta ere eramaten dituzte bedeinkatzera. Hala eta guztiz, badago, bedeinkatzera, txokolatea ere eramaten duenik", jaso zuen Lizarralde etnografo elgoibartarrak.

Era berean, Elgoibarren ez da sekula egon San Blas gotzain eta martiriaren izenpeko baselizarik. Hala ere, Azkue (San Roke) auzoko baselizan badago santu horren irudi bat. Gainera, parrokian, San Blas eguneko meza guztietan, betidanik egon da, ebanjelioaren ostean, ofertorioan alegia, jakiak bedeinkatzeko ohitura.