Ohi duten moduan hasi du santa eskeko kalejira Etxegina taldeak gaur goizean. 9:00etan bildu dira Bolatokian, makilaz gain, aterkia ere eskuan zutela, hain justu ere ordu horretan sekulako euri zaparrada bota du-eta. Hala ere, taldekieek ez dute hutsik egin, eta bi taldetan banatuta ekin diote kantu eta eskeari. 11:00etan Urazandiko La Union elkartean egin dute hamaiketakoa, eta indarrak berreskuratuta, San Lazarora abiatu dira, hango egoiliarrei kantatzera.
12:00ak aldera irten dira berriz kalera, eta ordurako eguzkia ere batu zaie kalerjirara. San Frantzisko eta San Bartolome kaleetan zehar joan dira Santa Ana kale aldera, eta 13:00etan udaletxera sartu dira.
Udaletxeko eskilaretan egin dute lehenik kopla saioa, eta kataldia baliatu dute taldekideak gogoratu eta lehengo zein egungoei eskerrak emateko. Udalari ere eman dizkiete eskerrak.
Pleno Aretora igo dira ondoren guztiak, eta kolorez jantzi dute aretoa. Jon Peli Uriguenek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie 100 urte hauetan zehar talde bizirik mantendu duten guztiei. Bere aittitta German Uriguenek 1924an hasitako bideari segida ematea taldekide guztien meritua izan dela nabarmendu du. Norbait ahaztuko zitzaiolako barkamena ere eskatu du, baina hainbat taldekide nabarmendu dituzte gaurkoan: Ixidor Solupe soinu jolea, taldeko sukaldariak, Modesto Larrañaga eta osasun arazoengatik gaur etortzerik izan ez duten Kepa Urain eta Felix Juaristik. Elgoibarko Udalak ere plaka bat eman dio Jon Peli Urigueni, eta amaitzeko Gaizka Urangak aurreskua dantzatu die taldekideei.
Errosario kalean amaitu dute kalejira, Ama Birjinari salbea kantatuz.