Futbola eta bereziki areto futbolaren alde lan handia egin zuen Iriartek, arduradun postuetatik. 1989an sortu zuten Debabarrena Areto Futbol kluba, CD San Pedro izenarekin. Eibarren (Eibarsala) eta Ermuan (Santixauak) taldeak sortu zituen gero klubak, baina indarrak talde bakar batean batzea eraginkorragoa zela ondorioztatu zuten, eta, harrezkero, eskualdeko izaera izan zuen klubak, Elgoibar, Eibar eta Ermuko lagunek osatzen baitzuten gehienbat. Eskualdeko eta Gipuzkoako talde erreferentea izan zen hainbat urtean, eta gutxi falta izan zitzaion Euskadiko talde erreferente izatera heltzeko ere, Jose Ramon Iriartek behin baino gehiagotan ahozgora adierazi zuen ametsa.
Iriarte hasieratik egon zen klubean, eta makina bat urtean izan zen presidentea. Bere gidaritzapean lorpen ugari erdietsi zituen klubak eta behetik gorako bidea egin zuen. 1999-99 denboraldian txapeldunorde izan ziren Espainiako Txapelketan, 2002-2003 denboraldian Nazional A mailara igo ziren, eta Espainiako Bigarren B Mailarako igo ziren 2010-2011 denboraldian. Lorpenik handiena, baina, areto futbolean Espainiako bigarren maila gorena den Bigarren Mailara igotzean lortu zuten, 2012-2013 denboraldian (Ikus BARRENeko azalean). Sekulako giroa egon zen Bigarren Mailara igotzeko kanporaketako itzulerako partiduan, Olaizaga kiroldegian. Concepto Egilek 6-4 irabazi zion Bartzelonako Montcada taldeari (joaneko partidan ere irabazi egin zieten, 2-3ko emaitzarekin). Hor jo zuen goia taldeak, eta gogotik ospatu zuten. Tamalez, ezin izan zuten igoera gauzatu. Mailaz igotzeak 400.000 euro inguruko aurrekontua izatea eskatzen zuen, eta dirua lortzen saiatu ziren arren, ezin izan zuten lortu. Atsekabetuta, uko egin zioten mailaz igotzeari.
Hain zuzen ere, arazo ekonomikoegatik desagertu zen kirol-taldea, 2017an. Jose Ramon Iriartek pena handiz hartu zuen erabakia, "ume bat" gehiago moduan sentitzen baitzuen taldea. Azken urteetan gertatutako hainbat konturerekin minduta zegoen arren, hautsak gehiegi harrotzeko gogorik gabe eman zuen amaitutzat areto futbolari eskaini zion 28 urteko ibilbidea.