Taupak 2023an jarri zuen martxan Batera jauzi jendarte laborategia, tokian toki euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzi bat emateko oinarriak ezartzeko, eta dinamika horretara batu da orain Elgoibar. Prozesua urtarrilean hasi dute eta ekainean dute bukatzekoa.
Bost lagunez osatutako talde motorra gidari dutela, Elgoibarko sektore ezberdinetako hemezortzi pertsonak osatu dute Elkarrizketa Taldea. Pertsona horiek aukeratzeko orduan, "gizarteko lagin zabal eta anitz baten parte-hartzea" bilatu dutela esan dute. Adin, genero, jatorri, zaletasun, lanbide eta euskara ezagutza maila ezberdina dute taldekoek, eta etxeko hizkuntza euskara edo/eta beste hizkuntzaren bat izan duten ere hartu dute kontuan antolatzaileek haiek aukeratzeko.
Elkarrizketa talde horrek bost lan-saio egingo ditu, eta, saio horietan aztertu eta erabakiko diren baldintzek ahalik eta onarpen sozial handiena izan dezaten, Elgoibarko sektore esanguratsuenekin lotura duten herritarrekin kontraste bilerak egingo dituzte.
Hauek izango dira bost kontraste taldeak:
- Hezkuntza eta helduen alfabetatzea
- Kulturgintza
- Kirola-aisia-gazteak
- Arlo sozioekonomikoa
- Euskaraz ez dakiten herritarrena
Euskararen egoeraren diagnosi komunitarioa
Ekainaren amaierarako, euskararen egoeraren diagnosi komunitario bat adostuko dute, bai eta erabilera handitzeko baldintzak eta epe luzerako gidalerroak zehaztu ere. Prozesuak hiru oinarri izango ditu: elkarrizketa, anitasuna eta adostasuna.