Hazten jarraitzen du trail zaleen familiak

Barren 2025ko urt. 29a, 16:48

Aita Agirre Kulturguneko harmailetan atera zuten talde argazkia [falta dira batzuk argazkian].

Batzar orokorra egin zuten CATT Morkaiko Elgoibar taldeko kideek aurreko barikuan, eta taldeak hazten jarraitzen duela laga zuen agerian bileraren amaieran Aita Agirre Kulturguneko harmailetan atera zuten talde argazki jendetsuak.

Aurten 11 lagun berri batu zaizkie taldera eta 65 dira orain (Hirurogei gizon eta bost emakume). "Familiak hazten jarraitzen du eta elkarrekin ikasten jarraitzen dugu", esan zuten. Taldera batu diren kide berriei ongi-etorria egin zieten batzarrean, eta denboraldi berrirako asmoak eta erronkak izan zituzten hizpide.

Aurten formazioan eragiteko asmoa dutela aurreratu dute taldetik, herritarrentzat irekiak izango diren ikastaroen bidez. "Jendea animatu nahi dugu gurekin mendiaz gozatzera, eta gure helburua gazteenei kirol honen baloreak irakastea izango da". Emakumeen parte-hartzea ere sustatu nahi dute, eta EMF Kopan lehiatzeko taldea ere sortuko dute talde barruan. Aurki aurkeztuko dutela aurreratu dute. Proiektu berri gehiago ere ari dira lantzen, baina finduago daudenean aurkeztuko dituzte horiek. 

Babesa ematen dieten kolaboratzaileei, laguntzaileei eta babesleei aitortza ere egin diete, besteak beste, honakoei: Elgoibarko Udala, Rural Kutxa, Nordplastic 5.2, Kima, Lizagasar, Morkaiko M.E. eta Casa Astigarraga. "Eskaintzen diguten laguntza ezinbestekoa da garena izateko", eskertu diete.