Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa emango dute Elgoibarren

Barren 2025ko urt. 28a, 14:02

Saioa Baenaga fisioterapeutak zuzenduko du ikastaroa. Arg: Goiena

Saioa Baena Gorosabal fisioterapeutak zuzenduko du “Zoru pelbikoa indartzen” izeneko doako ikastaroa, eta otsailaren 7an amaituko da izena emateko epea.

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du zoru pelbikoari buruzko ikastaroa, eta eskaini ahal izateko, gutxienez, zazpi laguneko taldea osatu beharko dela ohartarazi dute. Otsailaren 11n hasiko litzake emakumeei zuzendua den ikastaroa, eta hamar saio egitea aurreikusten dute, apirilaren 15era bitartean. Obstetrizia eta ginekologia berreziketan aditua den Saioa Baena Gorosabal fisioterapeutak zuzenduko du ikastaroa. 

Emakumeek, bizitzan zehar, zoru pelbikoan eta euren ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi dituzte: erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea, pisuak hartzea, eztul edo doministiku egitea, oihukatzea eta abar. Horrelako ekintza bakoitzeko zoru pelbikoa ahuldu egiten da, eta behin adin batera iritsita, ondorioak izaten ditu (pixaren galera, esaterako). Gune horretako muskulazio guztia nola indartu eta prestatu behar den erakutsiko dute ikastaroan.

Sustatzaileen esanetan, orain arte seriotasun gutxirekin aztertu den gai honen inguruko informazio zehatzagoa ematea izango da helburuetako bat, emakumeen osasunean berebiziko garrantzia duen arlo hori "sentitu, ulertu eta hobetzeko".

Euskaraz izango da ikastaroa. Halere, berba egin ez arren, ulertzeko gai direnek jarraitzeko moduko ikastaroa dela esan dute.
Parte hartzeko ez da ordaindu beharrik izango, eta Lilan emango dute (San Frantzisko 21, 2.solairua), 16:30etatik 18:00etara, otsailaren 11an hasita eta 10 astez jarraian, hurrengo datetan: 

  • Otsailaren 11n, 18an eta 25ean
  • Martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean
  • Apirilaren 1ean, 8an eta 15ean

Izen emateak www.labur.eus/LILA2025 webgunetik kudeatuko dituzte eta otsailaren 7a izango da izena emateko azken eguna. Elgoibarren erroldatutakoek izango dute lehentasuna.