Zapatuko proiekzioa euskara hutsean izango da, azpititulurik gabe, eta domekako eta asteleheneko emanaldiak azpitituluekin emango dituzte.
'Itoiz, udako sesioak', Elgoibarko Herriko Antzokian:
- 25 zapatua: 19:00 / 22:15
- 26 domeka: 19:00
- 27 astelehena: 21:00
Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendu dute filma, Doxa ekoiztetxearen bidez. Zuzeneko grabazioak eta argitaratu gabeko hainbat kanta zeuzkaten zinema zuzendariek, eta, haiekin batera, baita Udako sesioak izena zeraman kasete bat ere. Perezek eta Jose Garate Foisis-ek 15 eta 16 urte zituztenean elkarrekin etxean egindako hainbat grabazio biltzen zituen kasete hark, eta tartean baziren hainbat urte geroago Ezekiel diskoan azalduko ziren bizpahiru kantaren lehen zirriborroak ere. Juan Carlos Perez bera ere burubelarri inplikatu da dokumentalean, eta zazpi urteko lanaren ostean, Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu zuten dokumentala joan zen azaroan, eta asteburu honetan iritsiko Euskal Herriko 30 bat aretotara, tartean, Elgoibarko Herriko Antzokira.
Itoiz taldearen unerik gorenean kokatzen da dokumentala, eta hain justu taldea desegiteari buruz hausnartzen hasiko da Juan Carlos Perez, Itoiz talde ikonikoaren liderra, ordura arte ikusi ez diren hainbat zinta aurkitu eta gero; poperantz estilo aldaketa argi bat izan eta gero. Horrela, Juan Carlosek taldearen muinera bidaia katartikoa hasiko du, 70eko hamarkadan Mutrikuko rock talde progresiboaren hastapenak birbiziz, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona. 100 minutuko iraupena dauka filmak.
Itoiz taldea
1978an hasi eta 1988ra arte aritu zen Itoiz talde mutrikuarra. Indar Trabes izenarekin bost gazte berbena eta ezkontzetako musika talde moduan hasi ziren 1974an, baina rock progresiboa egitea zuten helburu. 1978. urtean Durangoko Disko eta Liburu Azokarako diskoa ateratzeko aukera sortu zitzaien, eta taldeari izena aldatzea erabaki zuten. Orduan sortu zen Itoiz, eta taldearen izen berarekin kaleratu zuten estreinako diskoa. Gerora etorri ziren Ezekiel (1980), Alkolea (1982), Musikaz Blai (1983), Espaloian (1985), Nobela Beltza (1985), Ambulance (1987) eta Eremuko Dunen Atzetik Dabil... (1988). 1980ko hamarkadaren erdialdera nabarmena izan zen euskal rock erradikaleko musika-taldeen goraldia eta eta Itoizen soinua ez zen giro horretan sartzen. 80 hamarkadako amaiera alderako nekea nabari zitzaion taldeari, eta Juan Carlos Perezek taldea desegitea erabaki zuen. Eremuko dunen atzetik dabil disko bikoitza izan zen taldearen azken lana.