Julen Aranguren: “Gaur egun, euskarak prestigio soziala dauka eta hori klabea da migratzaileak euskarara erakartzeko"

Barren 2025ko urt. 24a, 10:57

'Zergatik eta zertarako euskaldun?' programaren barruan, immigrazio eta kulturartekotasunari begira ditugun erronka eta zailtasunez jardun zen martitzenean Julen Aranguren (Donostia, 1973) Elgoibarren, Ekhine Eizagirre kazetari eta antropologoaren (Zarautz, 1984) galderei erantzunez. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak antolatu zuten solasaldia, 'Gu berri bat sortu beharra' izenburupean, eta hitzaldi bezperan egindako elkarrizketa duzue hau.

Kezka moduan bizi da sarri immigrazioa, lehendik ere zail dagoen euskalduntzea oztopatuko duen beldurrez. Immigrazio eta kultur aniztasunaren teknikari gisa ari zara lanean zu hogeitaka urtean. Noizkoa da kezka hori, eta zer fundamentu du?
Kezka hori erreala da. Immigrazio eta kultur aniztasunean baradamazkigu hogei urtetik gora lanean eta esango nuke azken urteotan kezka horrek indar handia hartu duela, beste kezka batzuen aldean. Konturatu gara immigrazioa ez dela fenomeno puntual bat, baizik eta egiturazkoa; alegia jabetu gara etorkinek etortzen jarraituko dutela, behar ditugulako eta guk geuk ekarriko ditugulako, gure bizi-baldintzak mantentzeko.
Kezka, beraz, legitimoa da eta ulertzen dut, baina nik ez dut uste euskararen partida hor jokatzen denik. Etorkinak erresilienteak dira, eta hemen bertokoen jokaerara egokitzen dira. Euskaldunok euskara erabiltzen baldin dugu eta bultzatzen baldin badugu, gune euskaldunetara edo ia euskaldunetara iristen diren etorkinek edo haien seme-alabek imitatuko dituzte gure portaerak. Euskalduntzearen pilota etorkinen teilatuan
jartzen dugu sarri, baina izatez, gurean dago.

Komeni zaigu kanpotik datorrena euskarara erakartzea, baina batetik dago gure borondatea eta bestetik daude haien premiak. Egiten al dugu ahaleginik bestearen lekuan jartzeko? Nola ezkon daitezke gure nahiak eta haien premiak?
Ahalegina pertsonala da, baina egia da sorbalda gainetik begiratzen diegula sarri. Baina, bai, geu gara etorkinen premia dugunak, geu gara haiek euskarara ekartzeko beharra dugu nak, eta beraz, eskaini beharko genizkieke euskalduntzeko baldintzak, baliabideak eta aukerak; gonbidatu behar ditugu gure hizkuntzaren biziberritze prozesura, eta ez euskaldunduko direla dakigun etorkinak bakarrik, baita euskaldunduko ez direnak ere. Euskararekiko lotura afektiboa sortu behar dugu biztanle guztiengan, baina jakinda heldutan gurera iritsitako atzerritarren artean gutxi izango direla euskaldunduko direnak. Bigarren belaunaldikoak izango dira seguruago euskaldunduko direnak; 50-60ko hamarkadetan estatutik etorri zirenekin ere hori gertatu zen. Dena den, sortu behar ditugu ekimenak, senti dezaten euskara beraiena ere badela. Euskaraz hitz egin eta ulertu ez arren, euskara beraien seme-alabena den neurrian, eurena ere badela sentiarazi behar diegu, eta horretarako abiapuntu ona da beren jatorrizko kulturaren aitortza egitea.
Herriratzen lagundu behar diegu. Lagundu behar diegu harreman-sarea ehuntzen, kapital sozial hori dutenean askoz errazago integratuko direlako. Ikusi dugu euskara ez dagoela etorkinen lehentasunen artean, ez dutela euskararekin lotura afektiborik. Hizkuntzarekiko haien jarrera instrumentala izaten da hasieran, baina denborak aurrera egin ahala, instrumentala izateaz gain, sentimentala izatera ere iritsi daiteke. Guri dagokigu lan hori egitea.

Elgoibarrera bizi hobeago baten bila etorritakoek aitortu zuten migrazio prozesu zailak eta mingarriak izan zituztela, eta askotan, gainera, arrazakeriak alderik alde gurutzatutakoak. Asko paperik gabe etorri ziren, gainera. Zer nolako harrera egiten diegula uste duzu?
Prozesu luzea eta jarraia da immigrazioarena, eta iruditzen zait normaltasun handiz hartzen ditugula, badauden arren, jakina, diskurtso arrazistak, eta bereziki, gainera, talde jakin batzuen kontra, magrebtarren kontra-eta. Sinpatia-maila ezberdina izan ohi da etorkinen jatorriaren arabera, baina diskurtso arrazistek eragina dute jende horrengan, besteak beste etxebizitza eskuratzeko orduan, eta komeni da hori mahai gainean jartzea. Baina immigrazioarena nahikoa kontu berria da gurean. Duela hogei bat urte hasi ginen kanpotik zetozenak hartzen, ordura arte estatu espainiarra gehiago zelako emigratzailea immigratzailea baino, baina esango nuke gure herriak ere asko aldatu direla hogei urtean. Lehen, etorkinen portzentaiak %1-2 ingurukoak ziren gure herrietan; orain, berriz, %10etik gorakoak dira datuak [Eustaten arabera, Elgoibarren, herritarren %14,70 dira atzerrian jaiotakoak, eta Mendaron, %14,20]. Ikusten dugu, beraz, badagoela aldaketa bat, urteetan jarraia dena, eta oro har, normaltasunez hartzen ari garena. Egiten diegun harrerari buruz esango dizut Atzerritarren Legeak guztiz baldintzatutakoa dela. Lege horrek guztiz baldintzatzen du kanpotik datozenak hemen normaltasunez bizitzea, eta horri gehitu behar zaio Etxebizitzaren arazoa, denontzat ere arazoa dena.

Elgoibarrera bizitzera etorritako jatorri askotarikoei hitza eman zietenean askok esan zuten ez zekitela euskara existitzen zenik ere hemen. Non kokatzen dugu euskara egiten diegun harreran?
Esan gabe konturatzen dira euskara daukagunaz inguru euskaldunera iristen diren etorkinak. Iruditzen zait askotan jotzen ditugula etorkinak ahaldundu behar diren subjektutzat, baina badutela gaitasuna ikusteko, aztertzeko, ulertzeko eta egokitzeko etorri diren lekura, sekula migratu ez dutenak baino askoz ere erresilienteagoak direlako. Esango nuke esaten zaiena baino garrantzitsuagoa dela guk egiten duguna. Ikusten diot garrantzia esaten duzun horri, baina beti ere testuinguru batzuetan, batez ere Gipuzkoako hirietan eta Gipuzkoatik kanpora, non euskara ez den entzuten eta eskolatu behar dituzten beren seme-alabak entzuten ez den hizkuntza horretan. Kasu askotan, gainera, kanpotik datozen horiek ikasle onak ziren beren herrialdeetan, baina etortzen dira hona nerabezaroan eta eskolatu behar dira iritsi aurretik ezagutzen ez zuten hizkuntzan, hemen oso jende gutxik hitz egiten duen hizkuntzan, eta gainera ikasturte bat beherago. Kontraesana ikusten dute hor, normala den moduan, eta iruditzen zait harrera-planetan egin behar dela lan bat esateko gure gizartean egiten ari garela ahalegin bat gure hizkuntza biziberritzeko eta gonbidatzen ditugula gurekin batera hizkuntza hori bultzatzera. Ez da nahikoa euskara ere badela aipatzea; hizkuntza egoeraren berri ere eman beharko genieke, eta lagungarri izan daiteke beraien jatorrizko lurraldeetako hizkuntzekin alderatzea gure egoera, beren herrietan ere antzeko prozesuak bizi dituztelako batzuek.

Migrazio prozesu guztietan bereizten dira garaiak, eta pentsatzekoa da alda daitekeela euskararekiko duten pertzepzioa ere, ala?
Bai. Ikerketa bat egin genuen Zarautzen orain urte batzuk. Ez zen helburu zientifikoekin egindako ikerketa izan, baizik eta etxe barrurako egindakoa. Venezuelatik etorritako langile bat kontratatu genuen eta bidali genuen lokutorioetara, atzerritik etorritako emakume zarauztarrei galdetegi bat egitera. Askotariko gaiez galdetu genien, eta tartean baita euskarari buruz ere. Hemen hiru urte baino gutxiago zeramatenen erantzunetan euskara ez zen lehentasunen artean agertzen, askoren asmoa lehenbailehen beren lurraldera bueltatzea zelako. Baina hemen sei urtetik gora zeramatenentzako beren seme-alabek euskaraz ikastea zen garrantzi handieneko kontua, beren herrialdera dirua bidaltzearekin batera. Horrek erakusten du hazkuntza sozialerako elementua dela askorentzat euskara. Etorkinek nahi dute beren seme-alabak gu bezala bizitzea eta garbi ikusten dute euskara dela horretarako giltzatako bat.

'Gu berriak' zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzke?
Besteak eta gu bitasuna apurtu beharko genuke, eta gu berrirako urratsa alde bietatik egin. Batetik, kanpotik datorrenak egokitzeko ahalegin handia egin beharko du, zalantzarik gabe gurea baino handiagoa, baina bestetik, gu ere egokitu behar gara errealitate berrira, pausoa eman eta beraiengana hurbilduz. Ezagutu behar ditugu beraien bizi-baldintzak zeintzuk diren eta jabetu behar gara gure jarrera arrazistez, gu berri bat eraikitzeko oztopo handia direlako besteekiko ditugun aurreiritziak eta xenofobia. Haien hizkuntza, kultura eta identitatea ere barnebildu behar ditu gu berriak, eta horiek aitortzetik hasi behar dugu. Euskaldunok joera daukagu gure egoera antzekoetan daudela uste dugunekin aliantzak bilatzekoa, baina beti ez dit balio izan horrek ere. Gogoratzen naiz Paraguaitik etorri eta gaztelaniaz nekez hitz egiten zuen emakume guarani bati galdetu niola behin ia guarani hiztuna zen eta ez zidala ondo hartu. Ikusten zen nahiko mendialdekoa zela eta garai batean hemen euskaldunek izan zuten konplexu halako bat zuen. Horrekin ere kontuz ibili behar dugu, baina bai, beraien hizkuntza aitortzea pauso inportantea da gu berria eraikitzeko.

Nola eraiki beharko genuke gu hori inor kanpoan laga gabe?
Kulturartekotasuna da gure integrazio eredua, eta horrek esan nahi du identitate kultural desberdinak dituzten pertsona edo taldeen arteko elkarrekintza zein komunikazioa sustatzea dela abiapuntua, baina askotan gehiegi erreparatu diogu arlo kulturalari eta iruditzen zait garrantzitsua dela aukera berdintasunari eta ekitateari gehiago begiratzea, arlo ekonomikoari eta sozialari alegia. Hemen bertokoen gizarte egitura eta kanpotik datozenena ahalik eta antzekoena den neurrian izango da haien integrazioa benetakoa. Etorkinen artean langabezia-tasa gurearen halako hiru bada edo eskola porrota hiru aldiz handiagoa badute, badugu zer konpondua.

Euskararen prestigioan ikusten duzu giltza.
Klabea da. Gaur egun, euskarak, beste garai batzuetan ez bezala, prestigio soziala dauka, eta hori klabea da migratzaileak euskarara erakartzeko. Migratzaileak azkar konturatzen dira Elgoibar batean euskaldunak beraiek baino hobeto bizi direla eta badakite hurrengo belaunaldiei begira euskara ikastea garrantzitsua dela egoera soziala hobetzeko. Euskarak hori galduko balu, aktibo garrantzitsu bat galduko luke. Katalunian hori ari da gertatzen eta katalanarentzat galera handia ari da izaten. Bestalde, euskarak identitate soziala ere ematen du. Euskara dakiena euskalduna da, eta berdin da pertsona hori nondik etorria den; berdin da arraza. Migratzaileak konturatuta daude euskaldunok beste modu batean hartzen ditugula euskaraz zerbait esateko ahalegintzen direnak.