Arrazoitu dutenez, zerbitzua emateko azpikontratatzen duten enpresako beharginen soldatak igotzeko eta eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko igo dituzte tarifak. Portzentajeetara ekarrita, zerbitzu horien kostuak %47 egin du gora harrera zerbitzuan, %25 sorosle eta monitoreetan, eta % 50 baino gehiago garbiketan. Zehaztu dutenez, urtez-urte gora egin du langileen soldatetara bideratzen duten diru kopuruak. "2023an, aurrekontuaren kostu osoaren %40 hartzen zuen; 2024an, ia erdia izatera igaro da; eta 2025erako, berriz, %60 izatera igaroko dela aurreikusten dugu". Soldatetara bideratutako azken igoeraren ondorioz, aurtengo aurrekontuak %22ko igoera izan du. Eta hori energia gastuak %15a jaistea lortu dutela, aurrez egin dituzten inbertsioen ondorioz, argitu dutenez. Mintxetako igerilekuetako bainu denboraldia 15 egunez luzatzeak gastuak %30ean handitzea ekarri duela ere esan dute.
Igoera tarifetan
Aurrez aipaturiko igoerek eragina izango dute abonatuentzako kuotetan eta ikastaroen prezioetan. Esate baterako, 2025ean 18 urtetik gorakoen urteko kuota indibiduala 188 eurokoa izango da, iaz baino 19 euro gehiago (%11,1 handiagoa). Abonu familiarra, berriz, 343 eurokoa izango da aurten, iaz baino 36,75 euro garestiagoa (%12 handiagoa).
Mintxetako igerilekuen denboraldiko abonuak ere gora egin du: familia abonua 142,5 eurotik 206 eurora igo dute; 63,5 euro gehiago (%44,5 garestiagoa). Dena dela, orain arteko deskontuak ere aplikatuko dizkiete jubilatuei, langabetuei, ikasleei, guraso bakarreko familiei...
Kirol Patronatuak emandako datuekin 2024ko eta 2025eko abonatu kuoten konparaketa egin dugu, honako beste taula honetan.
Beste herriekin konparatuta
Udal Kirol Patronatuak beste herriekiko datu konparatiboak ere eman ditu, honako hauenak, hain justu ere:
Kirol Patronatuko eskaintza abonatuentzat
Kirol Patronatutik gogora ekarri dutenez, abonatuentzako duten eskaintza zabala da. Honakoak nabarmendu dituzte:
• Olaizaga eta Mintxetako igerilekuetara sartzea, udako igerilekuak eta ur-parkea barne, baita muskulazio- eta kardio-aretoetara, saunetara, rokodromora, padel- eta tenis-pistetara, aldageletara eta atletismo-pistara ere.
• Prezio murriztuak kirol-ikastaroen eskaintzetan.
• Kirol instalazioetarako sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko 90 herritan, Mugiment Kirol Txartelari esker.