Abian da euskarazko idazlan lehiaketaren zortzigarren ekitaldia

Barren 2025ko urt. 23a, 12:56

Ikasleek euskaraz idazteko trebetasuna hartzeko sortu zuen Elgoibarko Udalak idazlan lehiaketa, eta zortzigarrengoz egingo dute aurten. 

Elgoibarko ikastetxeetan ikasten dabiltzan 8-18 urte bitarteko ikasleek edota, Elgoibarren erroldatuta egonik, beste nonbait irakaskuntza ertainetan ikasten dabiltzan ikasleek parte hartzeko aukera izango dute. 
Adinka, sail ezberdinak sortu dituzte: 

    • A taldea: LHko 3. eta 4. mailakoak
    • B taldea: LHko 5. eta 6. mailakoak
    • C taldea: DBHko 1. eta 2. mailakoak
    • D taldea: DBHko 3. eta 4. mailakoak
    • E taldea: Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa

Idazteko gaia librea izango da, baina lehiaketara aurkezten diren lanak aurrez beste inon argitaratu eta saritu gabeak izan behar dira. A4 neurrian aurkeztu behar dira idazlanak, alde bakarretik idatzita eta ordenagailuz, salbu A mailan, horiek eskuz idatzita ere entregatu ahal izango dituztelako. Parte-hartzaileek ikastetxean bertan entregatu beharko dituzte beren lanen hiru kopia, martxoaren 11 baino lehen. 

Elgoibartik kanpoko Ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak HAZen (Santa Ana kalea, 2) goizeko ordutegian, 07:30etik 15:30era.
Sari bezala, 50 eta 120 euro bitarteko bonoak banatuko ditu Udalak, herriko dendetan erabiltzeko. A eta B taldekoen artean bi sari banatuko dituzte, ikastetxeko eta maila bakoitzeko. C eta D mailetako talde bakoitzeko lau lanik onenek jasoko dute saria, eta E taldekoen artean, azkenik, bi sari banatuko dituzte.