Jaitsiera postuetatik urruntzeko partida garrantzitsua jokatuko du Haundik etxean

Barren 2025ko urt. 22a, 20:31

Gizonezkoen Haundi futbol taldeak Mutriku izango du aurkari zapatuan Mintxetan jokatuko duten partidan, eta zaleen babesa eskatu du C.D. Elgoibarrek, jaitsiera postuetatik urruntzeko partida erabakigarria dela-eta.

Elgoibartarren eta mutrikuarren arteko norgehiagoka 16:00etan hasiko da. Hamazazpi jardunaldi jokatu eta gero, Haundi sailkapeneko 15. postuan dago, 17 punturekin; bost partida irabazi, bi berdindu eta hamar galdu ostean. Hernani (15 puntu), Beti Gazte (13 puntu) eta Vasconia (7 puntu) bakarrik dituzte atzetik elgoibartarrek. Azken hiru taldeak jaitsiko direnez mailaz, bi puntuko abantaila bakarrik du Haundik. Gauzak horrela, azpiko postuetatik urruntzeko partida garrantzitsua izango da Mutrikuren aurkakoa, eta baita ostean etorriko direnak ere. Hori dela-eta, zuzendaritzatik dei egin diete zaleei Haundiri babesa ematera joateko Mintxetara. Etxean jarraian jokatuko duen bigarren partida izango da Haundirentzat, aurreko asteburuan Real Unionen aurka 0-3 galdu eta gero.  

Bigarren taldea igoera ligaxkan

Senior gizonezkoen bigarren taldeak, erregionalekoak, oso bestelako egoera bizi du, mailaz igotzeko fasea jokatzeko sailkatu baita. Otsailaren 2ko asteburuan jokatuko dute lehen jardunaldia, Antigua-Luberriren aurka. Hamasei talde arituko dira igoera lortzeko lehian. 

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan diharduen Haundi taldea sailkapeneko 12. postuan dago, 15 punturekin (5 partida irabazi eta 10 galduta). Azken jardunaldian 3-0 galdu zuten Tolosan, eta hurrengo jardunaldia ere etxetik urrun jokatuko dute, Antiguokoren aurka, Donostian.