San Bartolome kaleko 14. zenbakian eraikitzen ari diren etxebizitzako beharginetako batek izan du ondoeza. Udaltzaingotik jakitera eman dutenez, eraikin paretik pasa den herritar batek eman die abisua, ondoezik ikusi baitu eraikineko lehen solairuan zegoen gizonezkoa.
Udaltzainak iritsi direnerako langilea bihotz-biriken geldialdian zegoela azaldu dute, eta eskuz egin diote erreanimazioa; eta, badaezpada ere, Musika Eskolako arkupeetan dagoen desfibriladorea eraman dute eurekin langilea zegoen tokiraino, erabili ez badute ere. Lehen zantzuen arabera, bihotzekoa izan duela uste dute. Anbulantzia medikalizatuak ailegatu direnean, hango medikuak arduratu dira langileaz. Lehen solairuan zegoela-eta, operazio konplexua izan da langilea anbulantzian sartzea. Suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute kamioiko garabiari lotu dioten esku-ohe bat erabilita.
Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, Gurutzetako ospitalera eraman dute behargina.