Ehiza modalitate honetako estreinako Espainiako txapelduna da Leire Egaña elgoibartarra. Estreinako edizioan inork ez zuen oilagorrik ehizatu eta titulorik ez ematea erabaki zuten; eta, bigarren edizioan, iaz, Egaña gailendu zen Madrilen jokatu zuten lehian. Aurtengoan ere hartu du parte, baina ezin izan dio tituluari eutsi. Gaztela eta Leoiko ordezkari Monica Ojedak irabazi du aurtengo txapelketa, bi oilagor ehizatu eta 1.000 puntu batuta. Gainerako zazpi partaideek, tartean Ainhoa Toleddo eta Leire Egaña euskaldunek, ez zuten ezer ehizatu lehiak iraun zuen ia sei orduetan. Zenbait oilagor ikusi arren, ez zuela haiek ehizatzeko aukerarik eduki azaldu du Egañak. Ehiza espezie zaila da oilagorra (Scolopax rusticola), ehiztariek diotenez. "Goiz guztia pasa nuen bi oilagorren atzetik, baina izuak ziren oso, eta ezin izan nien tirorik egin. Ematea ia ezinezkoa zela banekien arren, bota nizkion bi tiro bati, badaezpada, baina zorteak ere ez zidan lagundu. Penaz bukatu nuen, baina halaxe izaten da hau. Datorren urtean saiatuko naiz berriro, ilusio handiarekin gainera".
Gizonezkoetan 47 ehiztari lehiatu ziren txapelketaren 33. ekitaldian, eta Balear Uharteetako ordezkari Rafael Vilabona izan zen irabazlea. Erkidego autonomikoen lehia ere egin zuten estreinakoz, emakumezkoen eta gizonezkoen lehiaketetako emaitzak kontuan hartuz, eta Gaztela Leoiko taldea gailendu zen.
Nafarroako Foru Komunitateko baso-ondarearen baitan dagoen Sabaitzako finkan (Ezporogi), aritu ziren lehian ehiztariak, 3.400 hektarea hartzen dituen baso-eremuan. Gehiago ikusi zituzten arren, ehiztariek 30 oilagor ehizatu zituzten guztira.