Mutrikuko Olatz harana ezagutzeko irteera antolatu dute urtarrilaren 26rako

Barren 2025ko urt. 21a, 13:00

Umeentzako eta familientzako mendi irteera antolatu dute Morkaikok eta herriko ikastetxeek domekarako. Debabarreneko kostaldera joango dira oraingoan.

Mutrikuko hego-mendebaldean dagoen baserri-auzoa izateaz gainera, Olatz Euskal Kostaldeko Geoparkeko polje bitxia da, bailara itxia alegia, non bertako urak kareharrizko haitzuloetan barrena desagertzen diren. Haran ezkutu bat modukoa da, piramide-formako mendiz inguratua dagoen sakonunea baita. Olatzeko geo-ibilbidea (PR-Gi 47) baserriz eta kareharriz betetako paisaia honetan barneratzen da eta horixe da irteera honetan parte hartuko dutenek jarraituko duten ibilbidea. Erraz egin daitekeen ibilbide zirkularra da: 6,5 kilometro, bi ordutan. Isidro Deunaren eliza ondoan hasi eta amaitzen den ibilbidean zehar, bertako geologia berezitasunak ezagutzeko aukera dago gainera, panel ezberdinei esker, baita hainbat elementu etnografiko ezagutzeko aukera ere: leizeak, karobiak, estelak, mitologia multzoak...
Elgoibartik hurbil dagoen paraje eder bat ezagutzeko "aukera paregabea" dela esan dute Morkaikotik, "igande goiz pasa eder bat osatzeko primerakoa". Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako gurasoekin elkarlanean antolatzen ditu Morkaikok irteerok. Ohi duten moduan, bazkal ordurako Elgoibarrera itzultzea da euren asmoa, nahi duenak egun pasa egiteko aukera izango badu ere.

Joan nahi dutenek Mintxetako aparkalekura joan beharko dira domeka goizean, handik irtengo baitira autoetan 09:30ean. Umeak ezingo dira bakarrik joan. Eguraldia dela eta abisu edo alertarik egonez gero, irteera bertan behera lagako lukete.

Izen-emate guztiak beteta sagardotegirako irteeran

Abian da 2025eko txotx denboraldia, eta urtero moduan, mendi irteera eta sagardotegi batean bazkaltzea uztartzen dituen irteera antolatu dute Morkaiko eta Klub Deportibo Eibar mendi taldeek otsailaren 22rako. Goizean Murumendira (861 metro) igoko dira eta Legorretako Begiristain sagardotegian bazkalduko dute gero. Morkaikotik jakinarazi dutenez, izen-emate guztiak beteta daude, eta itxaron zerrendan apuntatu beharko dute interesatuek.