La Roita erronkak baditu bi lehiakide, baina hirugarrenaren bila dabiltza

Barren 2025ko urt. 16a, 13:08

Gabon Zahar azokan herriko kaleetan jarri zituzten kartelen bitartez eman zuten ezagutzera La Roitakoek aurtengo erronkako lehiakideak zein izango diren.

Erronkaren bosgarren ediziorako emakumeen arteko norgehiagoka antolatu nahi zuten, eta lortu dituzte lehiakideak. Ainara Burunza eta Nerea Sasiain arituko dira lehian uztailaren 5ean jokatuko duten kirol erronkan. Halere, hirugarren lehiakide bat nahi lukete batu erronkara, eta parte hartzera deitu dituzte herriko emakume kirolzaleak. Aurreko edizioetako lan berbera egin beharko dute: Mutrikuko portuan 600 metro igerian egin, Elgoibarreraino bizikletaz etorri, Kalbario gainetik pasaz, eta, Kalegoen plazan bizikleta laga ostean Karakateko tontorreraino igo.
Iker Odriak irabazi zuen norgehiagoka herrikoiko lehen ekitaldia 2021ean, Antxon De La Aradari irabazita. Ioritz Leiaristi gailendu zen bigarren edizioan, Antxon De La Aradari eta Ivan Rogeli aurrea hartuta. Hirugarrengoan Ion Fernandez mendaroarra gailendu zitzaien Ander Aranbarriri eta Asier Basurtori. Eta iaz, laugarren edizioan, lehen hiru ekitaldietako irabazleek neurtu zituzten indarrak eta Iker Odria izan zen indartsuena.