Iosu Arraiz, Foru Aldundiko Estrategia zuzendari berria

Barren 2025ko urt. 8a, 14:21

Gipuzkoako aldizkari ofizialak argitaratu duenez, orain arte Berrikuntza zuzendaria izan den Iosu Arraiz Aramburu elgoibartarra izendatu dute Foru Aldundiko Estrategia zuzendari, Sebastian Zurutuza Mujikak erretiroa hartzeko kargua utzi eta gero.

Arraiz (Elgoibar, 1991) Ingeniaritza Zibilean graduatua da eta Bide eta Ubideen Ingeniaritzan masterra du, Hiri Berrikuntzan Aditu ikastaroaz gain. Elgoibarko Udaleko Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia izan zen 2015 eta 2023 bitartean, eta Debabarreneko Mankomunitateko lehendakari 2019tik 2023ra. Elgoibarko EAJ alderdiko presidentea ere bada, iaztik.

2023ko udatik hona Gipuzkoako Foru Aldundiko Administrazioaren Berrikuntzako zuzendaria izan da Arraiz. Erakundeak ematen dituen "zerbitzuak eta izapideak desburokratizatzea" eta bere komunikazio-kanalak modernizatzea izan du zeregin nagusietako bat sail horretan. Aurrerantzean Estrategia zuzendaria izango da.