DEBABE Udal Euskaltegien Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2025erako

Barren 2025ko urt. 7a, 16:02

Elgoibarko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin hitzarmena sinatu dute Udalak eta DEBABE Udal Euskaltegien Mankomunitateak.

Aitor Iriondo Euskara zinegotziak eta Susana Gurrutxaga DEBABE Udal Euskaltegien Mankomunitateko zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Udaletik gogora ekarri dutenez, 2023an Elgoibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Plana (2023-2027) onartu zuten. Behar bezala ezartzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko, Udalak egokitzat jo zuen DEBABE Udal Euskaltegien Mankomunitatearen zerbitzua jasotzea.

2025ean, Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Planaren inplementazioarekin jarraituko duela jakinarazi du. "Beharrezko jarraipen-lanak egiteko, itzulpen-lanak barne, funtsezkotzat jotzen da DEBABEkin lankidetza izatea", adierazi dute. Lankidetza horri esker, Elgoibarko Udalaren Euskara Saila indartuko dutela ere zehaztu dute, udalean euskararekin lotutako beharrei hobeto erantzun ahal izateko.