Ramon Babarro eta Mikel Arosa izan dira C.D. Elgoibarren Gabonetako otarren irabazleak

Barren 2025ko urt. 2a, 19:42

C.D Elgoibarko presidente Txus Altzaga (erdian), Ramon Babarro eta Mikel Arosa sarituekin. BARREN

Ohitura duten moduan, C.D. Elgoibar kirol taldekoek Gabon Zahar Feria egunean egin zuten zozketa, eta sarituek gaur jaso dute saria.

Urtero moduan, era guztietako produktuz osatutako bi otar zozkatu ditu Club Deportivo Elgoibar futbol taldeak Eguberrietan. Esateko modua da otarrarena, kabitu ere ez delako egiten otar batean King-Kong pareko erakuslehio batean azken asteetan ikusgai egon den produktu sorta. Pentsa, lehen saria irabazi duen Ramon Babarro furgoneta eta guzti etorri da saria jasotzera, bizikleta bat, telebista handi bat eta jaki mordoa eraman behar baitzituen. "Uste dut ardoekin bakarrik geldituko naizela neu, eskatu eta eskatu ari zaidalako jendea sariduna naizela jakin dutenetik", esan du txantxetan. Bere anaiaren semeak, CD. Elgoibarreko jokalaria bera, saldutako txartelarekin irabazi duela saria argitu du Babarrok. "Mordo bat saldu ditu Urazandi aldean, bigarren txartel sorta bat ere bai, eta hamar bat erosi genizkion guk. Gero anaia etorri zitzaidan esanez eurek saldu zutela txartel irabazlea, eta begiratzeko ia nik neukan. Abenduaren 28a zen, Inozenteen Eguna, eta adarra jo nahian zebilela pentsatu nuen lehen kolpean, baina ez zen inozentada bat. Begiratu nuen erositako txarteletan, ...eta geurea zen barren txartel saritua, 29.039 zenbakia!", azaldu du.
Bigarren saria Mikel Arosak jaso du, 1.640 zenbakidun txartelari esker. Honek ere pozik hartu du saria.