Elgoibartarrei ere egin diete bisita Mari Domingik eta Olentzerok

Barren 2024ko abe. 24a, 19:01

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldekoen eskutik ailegatu dira Oletzero eta Mari Domingi Elgoibarrera.

Eguraldi heze eta euritsuak ez du gehiegi lagundu gaurkoan, eta Olentzerok eta Mari Domingik ezin izan dute ohiko kalejirarik egin herriko kaleetan. San Lazaro egoitzako egoiliarrei bisita egin ostean, Aita Agirren azaldu dira eguneko bi protagonistak, eta han egin diete ongi-etorria herritarrek. Plazan ipini duten karparen babesean dantzatu diete agurra Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolako ikasleek. Gero, eguerdian, elizako arkupeetara joan dira Mari Domingi eta Olentzero, umeen gutunak jaso eta beraien desioak entzutera.

Oparien festa Tonbolan

Umeak opariak eskatzen zebiltzan bitartean, Kalegoen plazara gerturatutakoek Elgoibarko Izarrakoen tonbolan izan dute euren "erregaloak" eskatzeko aukera, zortea alde izanez gero. Euro batean saldu dituzte boletoak, eta lautik batek oparia zuen. Urtero moduan, telebistaren zozketan jendez gainezka egin du plazak, bertan egon behar baitu txartelm sarituaren jabeak. Bigarren saiakeran irten da irabazlea, 0978 zenbakia zuen saritu gabeko txartelaren jabea. June eta Nora Alvarez Fernandez irten dira saria jasotzera.

Elgoibarko Udal Musika Banda ere batu zen Gabon eguneko ospakizunetara eta musikaz girotu zituzten kaleak.