Sexu aholkularitza zerbitzua jarriko dute martxan Elgoibarren, 'Desira' izenarekin

Barren 2024ko abe. 19a, 15:24

Elgoibarko Udalak iragarri du 2025aren hasieran "Desira" izeneko sexu aholkularitza zerbitzua jarriko duela martxan.

Guztiok Elkarteko sexologo batek eskainiko du zerbitzua, eta sexualitatearekin lotutako hainbat alderdi jorratuko ditu, besteak beste, sexu-orientazioa, aholkularitza eta laguntza arduratsua; banakako, bikotekideentzako edo talde txikientzako arreta, edota sexualitateari eta harreman osasungarriei, desiraren orientazioari, identitateari eta lotutako beste gai batzuei buruzko zalantzak argitzeko "gune konfidentziala eta hurbila" ere izan nahi du. Derrigorrezkoa ez bada ere, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dute, desiraelgoibar@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Herritar guztiei zuzenduta dago, adin eta genero guztietakoak.

Zerbitzu berriari buruzko xehetasun gehiago datozen asteetan emango dutela jakinarazi dute. Halere, informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuak Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailarekin jar daitezke harremanetan: 943 741 050 (luzapena: 306) edo berdintasuna@elgoibar.eus 

Doako zerbitzua izango da, eta hilean behin emango dute harreta presentziala, hileko azken astelehenean Lilan, Elgoibarko emakumeen etxean (San Frantzisko 21, 2. solairua, atzealdeko sarrera), 16:00etatik 19:00etara.