Taldeko zerbitzu zentralek, Danobat kooperatibak, eta taldeko partner teknologikoa den Ideko zentro teknologikoak urrezko hiru akreditazio jaso dituzte, aintzatespen-maila gorena. Soraluce enpresak, berriz, zilarrezko ziurtagiriaren mailarik altuena eskuratu du. Lorpen horrek sendotu egiten du taldeak euskararekin duen konpromisoa.
Euskara kudeatzeko lehen hizkuntza plana ezarri zuenetik 24 urte pasatu dira, eta gaur egun, taldeko enpresa guztiek dituzte euskara-planak eta Bikain kalitate-ziurtagiria hizkuntza-kudeaketan. Aurten lortutakoei Goimek kooperatibak 2023an jasotako urrezko
akreditazioa gehitu behar zaie. Erakundeko esparru guztietan euskara integratzeaz gain, Danobatgroup aitzindaria izan da hizkuntza baliabideak sortzen, hala nola makinaerremintaren sektoreko hiztegi terminologikoa eta 2030 Agendari lotutako hiztegi eleanitza.
Era berean, Danobatgroupek bere inguruan euskal gizarte osoan euskara sustatzeko garatzen diren hainbat ekimenetan laguntzen du: Korrika, Euskaraldia edo Euskararen Egunarekin lotutako jardueretan, esaterako, eta Euskaragileak, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordea eta INDEUS bezalako hizkuntza erakundeen parte ere bada.
44 entitate publiko eta pribatu sarituak
Donostiako Kursaal-aretoan egin zuten atzo euskararen erabileraren aitortza ekitaldia, eta bertan banatu zituzten ziurtagiriak.
Aurtengo ekitaldia bigarrena izan da, 2023ko ekainean erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu zutenetik. Dekretu berri horrek “Bikain” kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatu zuen eta ondorioz, Bikain ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk ere banatzen dituzte orain, hala nola, Harrobi diplomak. Sustatzaileek azaldu dutenez, helburua da euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten ahalik eta entitate gehienen aitortza egitea da euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua eginez.
Eusko Jaurlaritzak 44 entitate publiko eta pribaturen lana aitortu du aurten euskararen kudeaketan egin duten lanagatik: zazpik Harrobi ziurtagiria jaso dute, bostek oinarrizko Bikain ziurtagiria, zazpik erdi-mailako Bikain ziurtagiria eta 25ek goi mailako Bikain ziurtagiria.