Azkoitiko sustraien inguruko liburua idatzi du Javier Elorza historialariak

Barren 2024ko abe. 18a, 16:40

Javier Elorzak idatzitako liburua aurkezteko ekitaldiko irudia. (Azkoitiko Udala)

Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda izeneko liburua idatzi du Javier Elorzak.

Jaiotzez soraluzearra da Javier Elorza (Soraluze, 1953), baina azken 40 urteetan Elgoibarren bizi da. Makina bat liburutan jaso du jaioterriko zein bizileku duen Elgoibarko historia, eta orain Azkaratetik bestaldera jo du, Azkoitiko historia arakatzera. Azkoitiko hiri gutunaren 700. urteurreneko ospakizunen bueltan aurkeztu zuten atzo, Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda izeneko liburua.

Azkoitiko hiribildua sortu aurreko egoera, hiri gutuna, kontzejuaren finkatzea, itsas jarduera eta merkataritza, Koroaren gerrak edota sasoi hartako egunerokotasuna bildu ditu zortzi kapitulutan banatutako 450 orri pasatxoko lanean. Egileak azaldu duenez, artxibo ezberdinetako dokumentuen bilketan eta transkripzioan egindako "urteetako lanaren emaitza" da liburua.

Liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak argitaratu du Azkoitiko hiri gutunaren 700. urteurren ospakizunen harira. Hori horrela, egileaz gain, lanaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten liburuaren kooordinatzailea den Juan Bautista Mendizabalek, Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak eta aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak (goiko argazkikoak).

Informazio osoagoa: azkoitiaguka.eus-en