Ikuskizun narratibo bisuala prestatu dute, eta pertsonaia ezberdinen sentimenduetatik maitasuna zer den eta haren bide bitxiak zein diren azalduko dute. Ikuslea harritu eta liluratu nahi dute arduradunek. Edurne Lasa zuzendariak nahi luke ikuskizuna atsegina izatea ikusleentzat, gozamenekoa eta emozioak astintzea: "Gure ikuskizunarekin erakutsi nahi dugu maitasunak edozein muga gainditzen dituela, fisikoa, emozionala nahiz soziala".
Emozio eta pentsamenduen artean murgilduko dira, eta ikuslea etxera "benetako" zerbaitekin itzultzea nahi dute: "Antzerki mundu honetan murgilduta gaudenok, jakin badakigu antzezlan bat iritsi den jakiteko denboratxo bat behar izaten dugula, iruzkin berezien bat jasotzen dugunean. Garrantzitsuena, denboraren buruan, norbaitek antzezlanetik markatzen duen uneren bat gogoraraztea da; xehetasunen bat ez zitzaiola oharkabean pasatu adieraztea".
- Emanaldia 20:30ean izango da, Herriko Antzokian, eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak herrikoantzokia.eus atarian.
Obra honetan parte hartuko duten aktoreak hauek dira: Eduardo Ayesta, Nerea Cuende, Dani Zelaia, Ibai Leon, Gorka Luna, Ruben Markina, Leire Apellaniz, Rosa Mata eta Teresa Arakistain. Teknikari lanak Joxe Mari Larrañagak egin ditu eta Edurne Lasak zuzendu du obra.