Informazio panel digitalak ipiniko dituzte sei autobus geltokitan

Barren 2024ko abe. 16a, 14:14

Informazio panela Soraluzeko autobus geltoki batean.

Autobusen ordutegiei buruzko informazio eguneratua emango duten panel digitalak ipiniko dituzte Elgoibarko autobus geltokietan.

Sei geltokitan ipiniko dituzte inguruko hainbat herritan ikus daitezkeen panel digitalak modukoak: Txankakua, Guass, Mupen, Olaso Hillerria, Sigma-Estarta eta Urazandiko zubi ondoko geltokietan. Urazandikoa zubia berritzeko lanak amaitzerakoan jarriko dute eta gainerako bostak datozen asteetan jarriko dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako panelak direla zehaztu dute, eta Udala arduratuko da panelak bere lekuetan jartzeko aurre lanetaz, panelak instalatuko diren puntuetara argindarra eramatea, besteak beste. Adierazi dutenez, abenduan hasiko dituzte obra zibileko lanak eta hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Ondoren, argindarrari dagozkion lanak egingo dituzte eta panelak ipintzea izango da azken lana. Gertek enpresa arduratuko da gailuak hornitzeaz, muntatzeaz eta konfiguratzeaz, kanalizazio-lanak amaitzen dituztenean.