Ekintzailetza, Talentua eta Industria Foroaren 5. edizio antolatu du IMH Campusek, UPTEK elkartearekin (fabrikazio aurreratu eta digitalerako oinarri teknologikoko enpresen eta startup-en Espainiako Elkartea) batera; eta, Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Foro horren baitan banatu dute Ideia Industrial Ekintzailearen saria.
Fire Evo Company proiektua saritu dute. Ingeniaritza Dualaren Eskolako Berrikuntza-Ingeniaritza Graduko Xuepeng Hu, Xabier Toribio eta Qiming Wang ikasleek osatutako taldeak 3D FDM inprimatze-teknologiarako berokuntza elektromagnetikoko burua sortzeko ideia aurkeztu du lehiaketara. Sari emaleek azaldu dutenez, inprimagailu "arrunt" bat baino askoz adimentsuagoa eta eraginkorragoa den beste bat proposatzen dute ikasleek saritutako lanean. Honela azaldu dute:
"3D FDM inprimagailuek horiek, plastikoa geruzaz geruza jarriz gauza ikusgarriak sortzen dituzte. Normalean, inprimagailu horiek ohikoagoa den beroketa sistema bat erabiltzen dute, adibidez, etxeko txigorgailu batek izan dezakeenaren modukoa. Baina talde honek indukzio elektromagnetikoa izeneko teknologia erabiliz berotzeko modu berri eta eraginkor bat diseinatu du, inprimagailuak azkarrago eta hobeto berotzeko modu bat, azken finean". Irudikatutako "burua", plastikoa urtzen duen inprimagailuaren zatia, azkarrago eta zehatzago berotzen dela azaldu dute epaimahaikideek. Energia aurrezten laguntzeaz gainera, inprimagailuak hobeto funtzionatzen duela diote.
Aurrekoez gainera, teknologia berezi bat gehitu dute, zehaztasun handiz bozinaren (plastikoa botatzen duen zatia) eta inprimatzeko oinarrien arteko distantzia neurtzeko. "Horrela, plastiko-geruzak zehatz-meatz kokatzen dira eta piezak askoz kalitate handiagoarekin eta zehaztasun handiagoz egin daitezke".
Honako bideo hau egin dute saritutako proiektuaren egileek euren ideia azaltzeko:
Saritzat Elgoibarko Udalak emandako 300 euro jaso dituzte. Elgoibarko saltokiretan gastatzeko erosketa-bonotan jasoko dute diru hori.
IMH Campusetik gogora ekarri dute duela 12 urte hasi zirela gazteen ideia-industrialak sustatu eta gauzatzeko lanean, "ideia industrial bat gauzatzeak dakarren zailtasunaz jabetuta". Ibilbide honetan hainbat enpresa industrial eta Elgoibarko Udala eta Gipuzkoako Aldundia bidelagun izan dituztela nabarmendu dute. "2019tik IMH Campusek eta UPTEK, AFMClusterraren oinarri teknologikoko enpresen eta startup-en elkarteak estrategia honetan bat egin dugu eta ildo honetatik gaiaren inguruko topaketak antolatzen ditugu, gazteen ekintzailetza industrialari indarra emateko".
Fabrikazio Aditiboaren inguruko mahai-ingurua
Sari banaketa ekitaldiaren ostean, Fabrikazio Aditiboaren inguruko mahai ingurua egin zuten Herriko Antzokian, Ekintzailetza, Talentua eta Industria Foroaren baitan. Lau hizlari aritu ziren UPTEK elkarteko Jon Nuñezek moderatutako saioan: Xabier Cearsolo, IMHko Fabrikazio Aditiboko arduraduna, Naiara Zubizarreta, AFM Clusterreko Addimat eta Stech-eko zuzendaria, Loreto Alcibar, IMHko Fabrikazio Aditiboko unibertsitate espezializazioko ikasle ohia eta egun ADDIMENeko diseinu-ingeniaria, eta Jaime Herrero, IMHko Berrikuntza Ingeniaritzako ikasle ohia eta egun MAUSA 3Dko teknologia eta materialeen arduraduna.