Antonio Irigoien Mancisidor hil zen eguaztenean, Elgoibarko Izarrako presidente izandakoa

Barren 2024ko abe. 13a, 12:32

Abenduaren 11n hil zen Antonio Irigoien Mancisidor, 89 urte zituela.

Kulturazalea eta euskaltzale amorratua zen Irigoien, eta Elgoibarko Izarrako presidente izan zen, 1980an. Alberto Agirreazaldegiri hartu zion erreleboa elkartearen presidentetzan eta Andres Alberdiri eman, 1981ean, eta bere agintaldian sortu zuten Elgoibarren bertso-eskola, Angel Ugarteburu irakasle zela.

Ondo oroitzen du Ugarteburuk arrazoia. German Uriguen Ormaetxea Etxegiñak santa eskean irteteari laga zion urte-buelta izan zen, eta Herriko Antzokian egin zioten omenaldiaren harira bururatu zitzaien ona izango zela Elgoibarren bertso-eskola sortzea eta hari bultzada ematea. Juanito Dorronsoro Zumaiako bertso eskolaren sortzailearekin, Xabier Amurizarekin eta 1974an, Eskoriatzako Almen ikastolan, haurren lehen bertso-eskola sortu zuten Patxi Goikolea, Joanito Akizu eta Xanti Iparragirrekin hartu-emanetan jarri eta Elgoibarko Izarraren babesean sortu zuten Elgoibarren bertso-eskola. Bertsozalea zen Irigoien, eta "lan handia" egin zuen ordura arte baserri girokoa zen bertsoa kaletarren artean zabaltzeko. Horixe izan zen bertso-eskolen egitekoa ere, hein handi batean.  

Gero etorri zen Etxegiña Bertso Paper Lehiaketa martxan jartzea, 1982an, baina hastapen haietan Irigoienen eginahala handia izan zela gogoratu du Ugarteburuk. "Haren hiru semeetako bat, Endika, ikasle izan nuen gainera bertso-eskolan", gogoratu du. Maketagile aritu zen urteetan Irigoien tailerrean, eta gero, Portugaleteko Euskara teknikari ere izan zen. Bilboko Udalean ere aritu zen lanean ondoren, baina beste zeregin batzuetan.