Arritmiak zuzentzeko gailu batekin bizi diren pertsonak gero eta gehiago dira, eta horiertako bat da Pake Garzia. Taupada-markagailuarekin nola bizi den azaldu die Pakek eitb-koei.
Ikus hemen Pake Garzia ageri den bideoa
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gaixotasun kardiobaskularrek (GKB) 17,9 milioi pertsonaren heriotza eragiten dituzte urtero, mundu osoko heriotzen % 32, gutxi gorabehera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan adibidez, iaz 5.662 pertsona hil ziren gaixotasun horien ondorioz. Gaixotasun Kardiobaskularrak izan ziren bigarren heriotza-kausa 2023an (% 25,4), tumoreen ondoren (% 28,0). Emakumeen artean GKBak izan ziren lehenengo heriotza-kausa (% 26,3), eta ondoren tumoreak (% 22,3); gizonen artean, berriz, tumoreak (% 33,8) lehenengo eta GKBak ondoren (% 24,4). Gizentasuna eta gehiegizko pisua dira GKBen arrisku-faktore nagusiak gurean, biztanleriaren % 52,7k gehiegizko pisua baitute. Era berean, hipertentsio arteriala eta hiperkolesterolemia ere nabarmendu beharreko arrisku-faktoreak dira, biztanleen % 18,7k eta % 16,9k nahasmendu horiek baitituzte, hurrenez hurren.
Adituen esanetan, gaixotasun kardiobaskularren % 90 prebenitu litezke, zenbait ohitura aldatuz gero, hala nola elikadura osasungarria izatea, ariketa fisikoa egitea, tabakoaren kontsumoa saihestea eta alkoholaren kontsumoa mugatzea. Arrisku-faktoreak tratatzeak ere hobekuntzak ekar ditzake, tentsio arteriala, odoleko lipidoak eta diabetesa, adibidez.
Ekarpenak egiteko hainbat modu
Aurten, 25. urteurrena ospatzen dihardu EITB Maratoiak, eta gaur biziko dute egun handia, 150 aurpegi ezagun baino gehiago jarri baitituzte lanean EITBren Bilboko egoitzako dei-gunean, herritarrek egiten dituzten diru-ekarpenak kudeatzen. 09:00etan zabaldu dituzte lineak, eta gaua bukatu arte martxan edukiko dituzte. Bildutakoa gaixotasun kardiobaskularrak ikertzera bideratuko dute. Ekarpenak egiteko modu bat baino gehiago jarri dute martxan: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478 edo eman atalean 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda. Ekarpenak egiteko doako telefono zenbakia ere badute: 900 840 750.
Urteurrena behar bezala ospatzeko, 16 orduko musika maratoi erraldoia ere antolatu dute, lau hiriburutan.
Informazio osoagoa eitb.eus-en