Astelehenean jarriko dituzte salgai Elgoibarko Izarraren Eguberrietako bertso jaialdirako sarrerak

Barren 2024ko abe. 5a, 16:33

Abenduaren 26an (eguena) izango da aurten Elgoibarko Izarraren Eguberrietako bertso jaialdia, Herriko Antzokian, eta astelehenean, abenduaren 9an, jarriko dituzte salgai sarrerak.

Elgoibarko Udalarekin lankidetzan antolatu dute jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta bost bertsolari ekarriko dituzte kantura: Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Iguaran, Agin Laburu eta Xabat Illarregi. Gai-jartzaile lanak, berriz, Imanol Artola Felix-ek egingo ditu. Bertso saioa Herriko Antzokian izango da, 20:00etan hasita.