Erraldoi txikien bilduma erraldoia ikusteko azken egunak

Barren 2024ko abe. 3a, 15:47

Gorka Alonsoren eta Idoia Ortegaren bildumako erraldoi txikiekin osatutako erakusketa dago ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean azaroaren 22az geroztik, eta abenduaren 5era arte egongo da ikusteko aukera.

Alonso eta Ortega 2019an hasi ziren erraldoi txikien bilduma osatzen, eta erakusketa batean erakutsi zituzten 2021ean. Erakusketa hartan ordura arte batuta zituzten 185 aleak erakutsi zituzten, baina, ordutik hona erraldoiak kolekzionatzen jarraitu dute, eta 300dik gora ale dituzte egun. Zehazki 310 erraldoi txiki jarri dituzte jendaurrean; jatorri askotarikoak, besteak beste, Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Madrilgoak, Errioxakoak, Aragoikoak, Gaztelakoak eta baita Belgikakoak ere. 
Etxean horretarako sortutako bost apaletako bitrina batean izaten dituzte erakusketara eraman dituzten erraldoien panpinak, "ahal dela begi bistan" eta altzarian kabitzen ez zaizkienak etxeko txoko guztietan banatuta dituztela diote. Bi bildumazaleak pozik daude erakusketa izaten ari den harrerarekin. "Aurreko erakusketarekin moduan, oraingora ere bisitari mordoa datoz, umeak eta familiak batez ere. Erakusketa zabaldu eta lehen zapatuan 140 bisitari zenbatu genituen, esaterako", azaldu du Ortegak.

Erraldoiak eta Buruhandiak Elgoibarren

Miniaturazko erraldoiez gainera, erraldoiei eta buruhandiei buruzko argitalpenak ere batu dituzte erakusketan, eta eurek egindako ikerketa lan bat ere jarri dute herritarren eskura. San Bartolome jaietako egitarauetan eta liburutegiko artxibo eta argazkietan bila ibili ostean, herrian egon diren erraldoien eta buruhandien historiari errepasoa egin diote Erraldoiak eta Buruhandiak Elgoibarren izeneko liburuxkan.

1924. urteko jaietan erraldoiak eta buruhandiak kalera irteten zirela jakin dute, ohitura noiz hasi zen data zehatzik topatu ez badute ere. Elgoibarko Udalak azken mendean erosi dituen erraldoi eta buruhandiei buruzko datuak ere jaso dituzte. 1949an erosi zituztenak aipatzen dituzte, adibidez. Udalak Donostiako Casa Angelita dendan erosi zituen Bartzelonako "El Ingenio" enpresakoek egindako erraldoiak: Erregea, Erregina eta txinatarren bikotea, sei buruhandirekin batera. 9.200 pezeta ordaindu zituzten. Bartzelonako enpresa horrek 1838tik dihardu erraldoiak eta buruhandiak sortzen. Bartzelonatik ekarritako erraldoi haiek Peralta eta Poblenou herrietako erraldoien "berdinak" direla diote Gorkak eta Idoiak. "Erdi aroko erregeak irudikatzen zituzten erraldoiak dira Bernat eta Maria izenekoak, eta seriean egiten zituzten, Domenech Humbert "Mingo" artisauak eginiko moldeak erabilita". Bernat eta Maria errege bikotea 1953an erosi zituzten 12.000 pezeta ordainduta.

Geroago, Mutziako artesania Miretek egindako sei buruhandi erosi zituen Elgoibarrek. 1983ko ufalek erraldoi eta buruhandietan kalteak egin zituztela ere jaso dute txostenean. Txinatarren bikotea urak hondatu zuen eta hurrengo urteetako jaietan kanpotik ekarri behar izan zituzten erraldoiak eta buruhandiak. Hala, Udalak Jose IIgnacio Urbieta debarrari enkargatu zion 1986an Altzolako Ascensio eta Ibarrako Katalinaren erraldoiak sortzea, El Ingeniotik ekarritako Erregea eta Erreginari batzeko. Bi pertsonaia historiko horiei buruzko datuak jaso dituzte liburuxkan, Pello Arrietaren Elgoibarko Ondare Historiko Artistikoa: Arkitektura zibila liburutik.

 

1983ko ufaletan kaltetutako erraldoi parea, txinatarrena.

Elgoibarko Udalak 1960. urte inguruan Murtziatik erosi zituen sei buruhandietatik lau.